Lantegia
Leonor Antunes
Emakume artista naizen aldetik, nire eskultura-praktikak arreta berezia eskaintzen die diseinuari, arteari, arkitekturari eta haien historiari, baita horiek zeharkatzen dituzten lanbideei eta jakintza materialei ere. Lantegi honetan, zaintzaren eta debozioaren inguruko ideiak egitearen funtsezko elementu gisa pentsatzea proposatzen dut.
Erreferentziazko eta deboziozko objektutzat hartuko ditugu kontakizun nagusietatik kanpo geratu diren emakume arkitekto, artista eta diseinatzaileen lanak: kontakizun kanonikoetatik baztertuak izan diren sortzaileak, ahaztuak izan direnak edo haien ekarpenak historikoki ikusezin bihurtu direnak. Horiek abiapuntu hartuta, zaintzearen eta egitearen arteko harreman estua aztertuko dugu, biak ere arreta-, dedikazio- eta lotura-praktika gisa ulertuta.
Ukimenak funtsezko eginkizuna izango du: gure eskuekin eusten diogun horrek, eraikitzen ditugun objektuek eta bizi garen egiturek zaintza- eta debozio-formek zeharkatzen dituzte, gure harreman pertsonalak bezala. Bizi garen munduaren ziurgabetasuna, eraldaketa eta egokitzeko gaitasuna barne hartzen dituen metodologia batetik abiatuko gara, ideia horiek sormen-prozesura eramanez.
Eskultura haren berezitasun garaikideetatik abiatuta pentsatuz, jasangarritasunari eta ingurunearekiko errespetuari lotutako gaiak ere jorratuko ditugu, antzinako eta tradiziozko egiteko moduetara eta materialekin eta artisautzarekin lotutako jakintzetara hurbilduz. Arreta berezia eskainiko diegu tradizioz feminizatutako eta sarritan artearen historiaren bazterretara baztertutako jakintza eta artisau-praktikei.
Lantegia, beraz, zaintza praktika artistiko bihur daitekeen aztertzeko eta eskuekin egiteak materialekin, objektuekin, ingurunearekin eta besteekin erlazionatzeko beste modu batzuk nola sor ditzakeen ikertzeko gunea izango da.
Leonor Antunes
(Lisboa, 1972) Berlinen bizi eta lan egiten duen artista bisuala. Bere eskultura- eta instalazio-praktikak eguneroko objektuen funtzioari eta modernitatearen formei buruz hausnartzen du, diseinu, arkitektura eta artearen historiatik datozen erreferentziak berrinterpretatuz soka, egurra, larrua, kautxua edota letoia bezalako materialen bitartez.
Hizkuntza minimalista batetik abiatuta, bere lanak aitortza gutxi jaso duten pertsonen ekarpenak berreskuratu eta berrikusten ditu —bereziki arteari, arkitekturari eta diseinu modernoari lotutako emakumeenak—, modernitatearen kontakizun kanonikoei narrazio alternatiboak kontrajarriz.
Erakusketak egin ditu New Museum, Reina Sofía Museoa, Serralves Museoa edota Kunsthalle Basel bezalako erakundeetan, eta bere obra Tate, SFMOMA edota MACBA bezalako bildumen parte da.
Erakunde laguntzaileak
Antolatzen du
Copyright © Uharteko Zentroa 2026