Topategia
Proiektua Topategia topagune bat da: Nafarroako hainbat agente artistikoren* erreferentziak biltzen dituen espazio birtuala. Espazio horretan Nafarroako ikuspegi artistikoan dauden (eta egon diren) agenteak aurkitzeko, biltegiratzeko, horiekin harremanetan jartzeko, eta horien inguruan datuak biltegiratzeko, ikasteko, ikertzeko eta esploratzeko lekua osatzen da.
Topategia agente artistiko horiek zenbait irizpideren arabera arakatzeko aukera ematen duen bilatzailea ere bada. Norberak bere profilean sartzen dituen datuen arabera osatzen dira bilaketa-irizpideak. Proiektuak garrantzia eman nahi dio etiketen (agenteen lanak eta interesak identifikatzeko kontzeptuak) arteko erlazioari. Bilaketa-irizpide oparoei esker, topatzeko aukerak amaigabeak dira, eta horiek Nafarroako ikuspegi artistikoaren aniztasuna bildu eta islatzen dute. Halaber, erraz erabiltzeko eta datu-baseko edukiak atzitu ahal izateko helburuarekin sortu da. Bertan izena ematen duten agente artistikoak sustatzeaz gain, Topategiak ikerketari ere laguntzen dio, bai artista-elkarte barruan, bai kultur eta humanitateen ikerketen edozein alorretan.
Tresnaka
Tresnaka artisten eta hezkuntza-baliabideen artxibo bat da. Tokiko prozesu artistikoak ikustarazteko gune bat izateaz gain, hezkuntza-baliabide bat ere bada. Uharte Zentroari lotutako sortzaileen lana ezagutarazten du, eta ikerlarien, komisarioen, historialarien, programatzaileen eta abarren erdigunean jartzen ditu.
Aldi berean, arte-prozesu garaikideen balio pedagogikoan arreta jartzen du eta hezkuntzako profesionalei tresna didaktikoak eskaintzen dizkie. Proiektuak ibilbide luzea egin du, baina 2020. urtean jarri da martxan. Artxibategi izaera duenez, edukiak etengabe sartzen dira. Hezkuntza-baliabide gisa, irakasleekin harremana duten beste lan-proiektu batzuk ditu lotuta, artxiboak dituen proposamenak inplementatu, hazi eta ebaluatzeko. Uharteko Arte Garaikideko Zentroak Edarte ikerketa-taldearekin (NUP) lankidetzan garatutako proiektua da
Copyright © Uharteko Zentroa 2026