Mentoretza
Errática
Erráticak arte garaikideko sorkuntza-prozesuen inguruko gogoeta eta analisia egiteko espazio bat proposatzen du.
Mentoretza-saioan denbora bat eskainiko zaio artista bakoitzaren proiektuen aurkezpenari eta horien inguruko elkarrizketa sortzeari, parte-hartzaileek garatzen ari diren ikerketaren inguruan beste begirada batzuk jaso ditzaten. Trukearen eta entzute aktiboaren bidez, proiektuetan sakonduko da praktikak sendotu eta kokatzeko, tresnak kolektibizatzeko eta pentsamendu kritikoa lantzeko.
Metodologia praktikak artikulatzen dituzten materialtasunen, keinu eta eragiketen analisian oinarrituko da, esperimentazio berriak sustatzeko eta prozesuen alderdi ez hain agerikoak kontziente egiteko, horietan murgilduta egoteagatik askotan oharkabean pasatzen direlako.
Ikuspegi feminista, kokatua eta kritikotik, laguntza eta eraikuntza kolektiborako espazio bat proposatzen dugu. Interesatzen zaigu pentsatzea nola garatzen diren praktikak, zein diren haien motibazioak eta nola sortzen dituzten loturak; lotura horiek, aldi berean, munduan egoteko moduak konfiguratzen baitituzte.
Errática
Errática praktika artistikoaren inguruko prestakuntza, garapen eta gogoetarako proiektu bat da, Romina Casilek eta Rocío Valdiviesok koordinatua, 2024ko hasieratik.
Uste dugu artisten sorkuntza-prozesuak ezagutza eraikitzeko funtsezko uneak direla, obren gauzatzea eta azken emaitzak bezain garrantzitsuak. Ildo horretan, topaketa- eta pentsamendu kolektiborako espazioak sustatzen ditugu, egite artistikoari buruz hausnartzeko eta sorkuntza-prozesuei buruzko begirada kritikoak entseatzeko.
Prozesuak taldeka zein banaka laguntzeaz gain, Erráticak komunitateari irekitako hitzaldiak antolatzen ditu, non artista garaikideek beren proiektuak, kezkak eta lan egiteko moduak partekatzen dituzten. Testuinguru horretan, Roxana Ramos, Yuyo Gardiol, Olivia Funes Lastra, Lía Ateca, Maia Gattás Vargas eta Valeria Maculan artistekin topaketak egin ditugu.
Prozesuen laguntzaren eta hitzaldi-zikloaren bidez, praktika artistikoa pentsatzeko ezagutza-, ikerketa- eta tresna kritikoen garapenerako eremu bati ekarpena egin nahi diogu.
Copyright © Uharteko Zentroa 2026