Mentoretza
Iñaki Martínez Antelo
Mentoretza hau ikerketa eta laguntza kritikorako gune gisa planteatzen da, proiektu bat nola formulatzen, nola adierazten eta nola aktibatzen den aurkezpen-testuinguru desberdinetan berriz pentsatu nahi duten artistentzat eta komisarioentzat. Arreta ez dago hainbeste obren ekoizpenean, baizik eta diskurtsoaren eraikuntza-prozesuetan, jarrera hartzean eta proiektu batek zentzua, irakurgarritasuna eta zirkulatzeko gaitasuna eskuratzeko behar dituen baldintzetan.
Hitzaldi performatiboa ardatz metodologiko eta pentsamendu-tresna gisa erabiltzen da hemen. Teoriaren, ekintzaren eta bitartekaritzaren arteko praktika gisa ulertuta, lan objektual, instalatibo edo kontzeptualak hitzak, gorputzak eta presentziak material gisa funtzionatzen duten lurralde batera lekualdatzea ahalbidetzen du. Proiektu bat aurkeztea, horrela, ekintza performatibo bihurtzen da: ez du soilik komunikatzen, baizik eta ezagutza sortu eta lanaren beraren izaera eraldatzen du.
Mentoretzak proiektua prozesuan dagoen saiakera gisa lantzea proposatzen du, formaren eta testuinguruaren arteko harremanari, kontakizunaren eraikuntzari eta ikusgarritasun-esparru desberdinetara egokitzeari erreparatuz —erakusketa, performancea, deialdia edo programa publikoak—.
Esateko, egiteko eta egoteko moduak entseatzeko gunea, aurkezpen artistikoaren konbentzioak zalantzan jarriz.
Iñaki Martínez Antelo
(Santiago de Compostela, 1969) erakusketen eta arte bizien proiektuen komisarioa da. 2005etik 2017ra bitartean Vigoko MARCO museoko zuzendaria izan zen, eta ordutik aurrera komisario independente gisa garatzen du bere jarduna. Besteak beste, honako erakundeekin lan egin du: Artium (Gasteiz), Centro Cultural Condeduque (Madril), CGAC (Santiago de Compostela), Casal Solleric (Palma) eta Pontevedrako Museoa.
2016az geroztik Premio Cervezas Alhambra sariko aholkularia da, eta 2024tik aurrera Es Baluard, Palma Arte Garaikideko Museoko erosketen batzordeko kidea. Gaur egun, Pontevedrako Bienaleko Arte Bizien komisarioa da, eta performancearekin lotutako proiektuak garatzen ditu Vila Nova de Cerveirako Bienalean (Portugal) edo Malagako MUCACen, besteak beste. Performa Kooperatibaren sortzaileetako bat da, eta handik bultzatzen du Plataforma jaialdia Santiago de Compostelan eta Santanderren, baita testuinguru hurbilagoari lotutako beste proiektu kuratorial eta erakusketak ere.
Copyright © Uharteko Zentroa 2026