Qu´est-ce que vous voulez me demander avec cette question si compliquée ?

Erakusketa

Damaris Pan

KOMETAK mugaz gaindiko proiektuak arte plastiko eta ikusizkoen eremuko lehen arte-egonaldiak hartu zituen lehen edizioan. Bertan, Damaris Pan euskal artistak Bordeleko Zébra3 zentroan gauzatu du egonaldia, eta honen amaieran bere lan-prozesua eta garatutako proiektua aurkeztu zituen, Bordelen. Gisa berean, Matthias Malefond frantziar artistak egonaldia egin zuen Uharte Arte Garaikideko Zentroan, beste sei astez.

Ildo horretatik, ‘Qu´est-ce que vous voulez me demander avec cette question si compliquée ?’ (´Zer galdegin nahi didazu hain konplexua den galdera horrekin?´) du izenburu Damaris Panek ondutako artelan bildumak, eta Iruñeko Labea izeneko gunean (Ziudadelan) aurkeztuko du, uztailaren 24tik irailaren 20ra.

Erakusketak bertan aurkezten diren lanetako baten izena hartzen du; konkretuki, berriki Kometak programaren barruan Bordeleko Zébra3 egoitzan garatutako lanarena. 

Bordelen nengoela, gres-arekin lan egin nuen eguneroko objektu batetik abiatuta: ogia eta, zehazki, baguette frantsesa. Interesgarria gertatzen zitzaidan ogiak genealogia kultural zabala kondentsatzeko duen gaitasuna. Izatez, ogia, oinarrizko elikagai nagusia da, elikagai landu zaharrenetako bat eta era berean, bere baitan esanahi asko bateratzen dituen elementu kulturaletako bat. Kultura bakoitzak bere ogi propioak ditu, baita bere erritualak ere. Hau guztia lantzen hasi nintzenerako, banekien Damaris Pan zela nire izena. 

Hamabi baguette egin nituen, arrosa kolorez esmaltatuak eta begi-nini beltz distiratsuekin. Itxuraz bakunak diren pieza horiek nolabaiteko anbiguotasuna sortzen dute: ogia, etxeko, komunitateko edo tradizioko irudi positiboekin lotu ohi da, baina kultura-identitate oro memoria deserosoko geruzen gainean ere eraikitzen da. Bordelen tentsio horrek erresonantzia berezia hartzen zuen. Ondare aberats eta ederrari lotutako irudiaren atzean, iragan kolonial eta beltz-tratulari garrantzitsu baten memoria ere badago.

Bordelen egindako baguette sorta izan zen Labea aretoan erakusketa hau antolatzeko gonbidapenaren oinarria. Espazioak, egun erakusketa-areto bihurtutako XVI. mende amaierako garnizio militarreko ogi-labe zaharrak, erabilera garaikidean ia ahaztuta gelditu den jatorrizko funtzioaren memoria gordetzen du bere izenean. Harreman hori aldez aurretik bilatu ez bazen ere, gonbidapena jaso nuenetik erresonantzia agerikoa gertatu zitzaidan. Kointzidentzia horrek piezak proposatzen zituen erlazioak areagotu zituen eta hori izan zen erakusketa hau artikulatzen hasteko abiapuntua.

Qu'est-ce que vous voulez me demander avec cette question si compliquée? (Zer galdetu nahi didazu galdera konplikatu horrekin?)

Izenburuak nire etxeko egongelan gitarraz jo ohi den abesti baten errepika du oinarri. Testuinguru honetan, ordea, irakurketa-geruza desberdinak zabaldu ditzakeen gailu batean bihurtzen da.

Alde batetik, kultura batek ezkutatu nahi duenaren berri emateko zailtasuna adieraz dezake, hori ezin baitu bere kontakizuna zalantzan jarri gabe azaldu. Edozein erantzun edo azalpen, eskasegia edo susmagarria izango da. Ez da iragan ezkutu bat soilik, inoiz erabat ikusgarri izan ez izanagatik, eragiten jarraitzen duen memoria bat baizik. 

Bestalde, galdera bera praktika artistikoaren testuinguru espezifikora bidera daiteke. Ironia puntu batekin, lengoaia arruntetik at dauden prozesuak lengoaia arruntera ekartzeko kanpotik datorren eskariari egiten dio erreferentzia; izan ere, prozesu horiek ez datoz bat ohiko azalpenaren denborarekin, ezta berehalako errekonozimenduaren denborarekin ere. Nola erantzun hizkuntza argi batekin, argitasun horrekiko duen erresistentziak lana bera lausotzen duenean? 

Baguette-ekin batera, erakusketak nire ibilbideko une desberdinetan egindako obrak harremanetan jartzen ditu. Jatorri askotako materialak eskuragarritasun, inprobisazio eta kontingentzian oinarritutako lan egiteko logika baten barruan artikulatzen dira. Harreman horietatik gorputz- eta arkitektura-eskala desberdinak aurrez aurre jartzen dituzten egitura ireki eta aldakorrak sortzen dira, aldi berean, material, forma eta espazioaren arteko erlazioak berrantolatuz. 

 

Erakusketa KOMETAK proiektuko kideek antolatu dute, hots, Etxepare Euskal Institutuak, Uharte Arte Garaikidearen Zentroak eta Zébra3 zentroak, Iruñeko Udalarekin elkarlanean. Erakusketan zehar, bitartekaritza ekintza bat izanen da artistaren eta herritarren artean.

KOMETAK
KOMETAK proiektua Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak diruz laguntzen du, eta horrek sendotu egiten du proiektuaren izaera estrategikoa mugaz gaindiko kultura-lankidetzako politiken baitan. Uharte Arte Garaikideko Zentroa eta Zébra3 erakundeen parte-hartzearekin abiatu den lehen edizioarekin, Kometak etorkizunera begirako bokazioz jaio da: jarraipena izateko, beste diziplina artistiko batzuetara zabaltzeko eta bazkide berriak gehitzen jarraitzeko asmoz, lurraldean kultura-lankidetzako sare gisa sendotzeko helburuz.

Damaris Pan

Mallabian jaio zen 1983an. Bere lana Oalddilal V (Museo Patio Herreriano, 2024), Male Male (Fermay, Palma de Mallorca, 2023), Un martillo en la cabeza (Ana Mas Projects, Bartzelona, 2022) edota Cuernos a la vista (BilbaoArte, 2020) bezalako bakarkako erakusketetan aurkeztu da. Parte hartu duen erakusketa kolektiboen artean El árbol de lo que aún no sabes (CaixaForum Barcelona, 2023) eta Bi Dos Two (Azkuna Zentroa, 2018) nabarmentzen dira. Egoitza artistikoak egin ditu Sichuan Fine Arts Instituten (Txina, 2019), Art OMIn (New York, 2018) eta Kunsthochschule Weissensee-n (Berlin, 2005). 2024an BMW Pintura Saria jaso zuen, eta 2021ean GURE ARTEA Saria. Bere lana estatu mailako eta nazioarteko bildumetan aurki daiteke, eta hainbat argitalpen espezializatutan ere jaso da. 2014an bere doktore-tesia defendatu zuen, Lo Bueno, lo Bello, lo Berdadero izenekoa, non desbideratzea oinarri artistiko gisa jorratu zuen. Gaur egun, Bilbon bizi da, eta bertan garatzen du bere praktika artistikoa. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Pintura Saileko irakaslea da.

Datak 24 / 07 / 2026 - 20 / 09 / 2026
LekuaLabea – Zitadela

Erakunde laguntzaileak

Antolatzen du

Laguntzen du