mi ojo persigue soles como quien perseguía oro

Maite Redondo Gaztelu

mi ojo persigue soles como quien perseguía oro instalazioa de cerca, de lejos el sol pelikularen forma hedatua da. Duela hamabi urte Asiako hego-ekialdean grabatutako irudietara itzuliz, pelikulak irudiei eta horiek sortzeko ekintzari buruzko hausnarketa egiten du, irudiak nork eta nongo begiradatik eginak diren zalantzan jarriz.

Erakusketa-proposamen honek zinema-jarraitutasun tradizionala desartikulatu eta esperientzia espazialago eta zatikatuago baterantz lerratzen du. Espazioa ez bakarrik begiradarekin, baizik eta gorputz osoarekin zeharkatzera gonbidatzen du. Barneratzea, urruntzea, hurbiltzea, moldatzea eta okertzea proposatzen du.

Argiaren eremura ere hedatzen da; bertan, irudia irudi izateari utzi eta argi-izpi erasotzaile bihurtzen da, gorputza ukituz eta zeharkatuz.

Bilaketa batetik abiatzen da, begiratzera bultzatzen gaituen astro distiratsuarekiko fascinaziotik, eta, aldi berean, eraginik jaso gabe begiratzearen ezintasuna agerian uzten du. Ikusteak, ezinbestean, erabat ikusi ezin izatea dakarren esperientzia bat da.