Matthias Malefond
Bere egonaldian zehar, Matthias Malefondek soinu instalazio eta instalazio plastiko batean gauzatuko den ikerketa eta sorkuntza proiektua garatuko du. Bertan tradizioak denboran izoztutako ondare gisa baino, aztarna eta narrazio aldakor bezala landuko ditu.
Euskal kantu tradizionalen motibo eta egituretatik abiatuta hainbat soinu pieza konposatuko ditu Malefondek, eta bertako materialak erabiliz zanfona bat egitea ere aurreikusten du. Aipatutako kantuen mikro tarteak eta ezaugarriak esploratuz, proiektuak tradizioa eta musika garaikidearen arteko elkarrizketa ezarri nahi du.
Proiektua soinua eta egonaldian zehar egindako planoen proiekzioa uztartuko dituen gailu espazial batekin osatuko da, espazioa artxibo izaera duen ingurune bilakatuz. Instalazio honen bidez memoria kolektiboaren aztarna ikusezinak agerian jartzea da bere asmoa.
Proiektuaren ikuspegia berau garatzen den testuinguru natural, sozial eta materialari estuki lotutako praktika batean oinarritzen da, topaketari eta esperimentazioari irekia dagoena. Honenbestez, egonaldia lurraldeen arteko elkarrizketak ehuntzeko eta sorkuntza artistikoaren bidez lotura horiek gauzatzeko aukera gisa ulertzen du.
2001ean jaio zen, Limousin eskualdeko (Frantzia) landa-ingurunean. Eguneroko esperientziak inguruan zituen keinu ruralekiko interesa goiz garatzea ahalbidetu zion. Ondoren, Bordelera joan zen bizitzera, eta han Arte Ederretako Eskolan bost urtez ikasi zuen. Garai hori erabakigarria izan zen Malefondentzat aipatutako keinu horiekiko distantzia kritikoa hartzeko eta bere praktika artistikoa osatzen duten objektuei buruzko begirada fintzeko. Bere lana instalazioaren, soinuaren eta eskulturaren arteko gurutzagunean kokatzen da, azken hau espazioen, gainazalen eta materialen arteko elkarrizketa gisa ulertuta. Materiarekin duen harreman fisikoaren bidez, bere praktikak eskulturaren ezaugarri sonoroak aztertzen ditu, higadura, dentsitatea eta alea memoriaren eroale gisa ulertuta. Bere praktika artistikoak aztarnetan, arrastoetan, hondarretan, kultur eta ahozko tradizioetan, eta soinuan agertzen du interesa; denboran zehar iraun eta eraldatzen den horretan guztian. Musikak leku zentral bat hartzen du bere lanean, mugarik gabeko hizkuntza gisa ulertzen baitu. Ikuspegi honek bere metodologia eta eskulturara hurbiltzeko modua eraldatu ditu.
Copyright © Uharteko Zentroa 2026