Feminismoek presentzia-eta irudikapen espazioaren itxuraldaketan izan duten garrantzia birpasatzen du lerro horrek, esparru artistikoari berezko zaiona. Artearen esparruan eta irudiaren ikerlanetan kanona zalantzan jartzeak modernotasunak artistikoa dena ulertzeko moduen paradigma aldatu du, eta begiratzeko beste modu batzuk ere eragin ditu.
Ikerketa-lerroak biltzen dituen irakasgaietan ikerketa artistikorako estrategiak ikuspuntu feministetatik aztertzen dira, esparru artistikoaren diskurtso hegemonikoetan esku hartzeko eta historia eta genealogia feministak eraikitzeko.
Ikasketa feministak eta genero ikasketak ezin dira emakumeen ingurukoak soilik izan; gizonen menderatzea eusten duten sistema ideologikoak ere landu behar dira. Ideia hori oinarritzat hartuta, ikuspegi feministetatik egiten diren ikerketek eta praktikak zalantzan jartzen dute sistema horiek arte- eta kultura-esparruan duten nagusitasuna.
Gorputzak hartzen duen zentralitatea aztertzen da — ikusmen-arteetan norabide performatibo esaten zaionetik abiatuta—, baita presentziaren eta materialtasunaren garrantzia ere, tentsio politikoak eta nortasunekoak inskribatzen diren toki gisa.
Lerro horri dagokion programak saio teorikoak tokiko zein atzerriko esperientzia praktikoen eta kasu-azterketen analisiarekin batzen ditu, praktika artistikoak eraldatzeko gai diren estrategia feministak imajinatzen laguntzen dutenak.