“Jugamos” fanzine bat da, eta, hartan, aurreko belaunaldietako haur-jolasak batzen dira, Txelin-en memoria testuingurua izanik; hura Pirinioetan hazi zen, 50eko hamarkadan. Belaunaldien arteko proiektua da, sortu zenetik. Ama eta alabaren arteko elkarrizketetatik sortu zen. Hark bere haurtzaroko jolasak idazteko zuen asmoa kontatzean, testuekin batera ilustrazio batzuk sortzeko ideia bururatu zitzaigun. Konfinamenduan gauzatu zen elkarlan hori. 2020ko martxoan, apirilean eta maiatzean elkarrekin eta bakarrik geundenez, aparteko egoera dela eta, fanzinean lan egiten hastea erabaki genuen. Jolasen deskribapenen bidez, Txelinen asmoa izan da kontatzea haurtzaroa nolakoa izaten zen herrian, jolasa eta kalea zirenean umeek harremanetan egoteko baliabideak. Jolasteko moduak hertsiki lotuta daude garai batean harremanak izateko zeuden moduekin eta orduko baldintza teknologiko, politiko eta sozialekin. Bizipen horiek islatu nahi izan ditu, belaunaldi hartako pertsona askok partekatutako bizipenak, eta belaunaldi berriei helarazi nahi izan dizkie. Hasieratik izan genuen argi asmoa ez zela argitalpen nostalgiko bat sortzea; hori dela eta, artxiboko irudi gehiegi ez erabiltzea erabaki genuen, eta ilustrazioa erabili genuen, edukia orainarekin konektatzeko. Ilustrazioen diseinura hurbiltzean, haiei beste jolas bat bezala aurre egitea erabaki nuen, eta, hala, estetikarekin eta koloreekin ikertzeko eta esperimentatzeko aukera ematen diot neure buruari eta, horretarako, zenbait konbinazio sortu. Batzuetan ikusten dut amak deskribatutako jolasek genero-marka oso zehatzak dituztela, “mutilentzako eta neskentzako jolasak” bereizten baititu. Testuetan bereizketa horri eustea erabaki dugu; izan ere, garai hartako errealitate ukaezina da, baina, hala ere, ilustrazioan dikotomia hori apurtu eta anbiguotasuna sortzea hautatu dugu. Fanzinea egitea oso atsegina izan da, zentzu askotan, eta aukera eman digu beste eremu batean elkar ezagutzeko, proiektua elkarrekin garatzeko prozesuan. Gainera, amaren memoriak nireak ere badira; izan ere, jolas horietako asko nire haurtzaroko jolasak ere badira, baina, batzuetan, aldaketa txiki batzuekin, dela izenean dela jolasteko moduan. Gure asmoa da fanzine horiek lagundu dezaten jolas horiek ezagutarazten eta beste pertsona askoren jolas izan daitezen jarraitzen.
Txelin Barace - Idoia Zalguizuri
[Izaba, 1949] TXELIN BARACE GARCÉS. Testuen egilea da. Erizaintza izan dut lanbide lan-bizitza osoan zehar, baina beti erakarri nau idazteak. Erretiratu naizen honetan bete ahal izan dut ilusio xume hori, hots, liburu bat idaztea. Adinean sartzen ari garen bizi-une honetan oroitzapenek toki handia hartzen dute; izan ere, atzera begiratu, eta mundua eta munduan egoteko modua nola aldatu diren ikusten duzu. Orain, ziztu bizian doaz gauzak, ezer ez da lehen zen bezalakoa, eta bururatu zitzaidan polita izango litzatekeela gure haurtzaroari buruz idaztea jolasen bidez. Nire komunitatean geratzen diren gauza garrantzitsuak biltzen dituen eguneroko bat idazten dut egunero. Adimen-ariketa bat da gauzak gogoratzeko eta denboraren nozioa ez galtzeko. Burura etortzen zaizkidan esaldi solteak idazten ditut, edo hausnarketa filosofikoren bat. Poesia ere gustuko dut, eta batzuetan idazten dut, bat-batean.
[Iruña - 1982] IDOIA ZALGUIZURI BARACE. Nire hasierako ikasketak Ikus-entzunezko Komunikazioa izan ziren, baina nire ardurek eta interesek diseinu grafikora eraman ninduten. Bartzelonako Serra i Abella eskolan ikasi ondoren, diseinu grafikoko eta webeko proiektuetan lan egin dut freelance gisa. Aldizkari jasangarri bat sortu eta garatu nuen grafika publizitarioko amaierako proiekturako, eta fanzinearen zein artistaliburuaren mundua ezagutu nuen proiektu horretan. Horrek material eta formatu berriekin esperimentatzera eraman ninduen. Geroztik, liburuaz eta edizioaz interesa piztu zitzaidan. 2015etik, Iruñeko Pumpk jaialdiaren antolakuntzan parte hartzen dut; edizioari buruzko jaialdi autogestionatua da, non argitalpenen azoka jarri, tailerrak egin, kontzertuak antolatu eta autoedizioari buruzko mahaiinguruak prestatzen baitira. Ediciones Bastardilla proiektu kolektiboaren kide naiz, eta argitalpen esperimentalak eta autogestionatuak egitea dugu xede. Oraingoz, hiru fanzine argitaratu ditugu; haietako bik pospolo-kutxa bat erabiltzen dute euskarri gisa, argiaren eta suaren adierazgarri. Lehena autolaguntzako liburu txiki bat da, argia ikusi ahal izateko tunelaren amaieran, eta bigarrena, flipbook bat, 1920ko film porno baten sekuentzia erakusten duena. Hainbat komunitate historikori buruzko ilustrazio eta testuak dituen argitalpen kolektibo bat ere editatu dugu.
Copyright © Uharteko Zentroa 2026