Plazer bat gorputza eta eskulturaren arteko harremanari buruzko ikerketa
lerro berriak irekitzeko beharretik sortzen da, espazioan dituzten portaerak 
aztertzeko. Bere helburua gorputzaren bidezko pertzepzioaren berezitasuna agerian jartzea da. Pertsona bakoitzak modu batean pertzibitzen duen bezala, objektu bati begiratzean bakoitzak leku ezberdinean arreta jarriz, gorputz bakoitza ere modu bakarrean erlazionatzen da objektu batekin. Ideia hau jarraituz, erakusketa-espazioan objektuaren eta subjektuaren artean ezartzen den eredu mental eta gogoetatsuaren bateratasunarekin haustea interesatzen zaigu. Bertan, piezarekiko harreman hori modu automatikoan ematen da ikusmenaren bidez, Maurice Merleau-Pontyk Phenomenologie de la perceptionen adierazten duen bezala: “Horrela, gorputzaren esperientzia subjektua objektutik eta objektua subjektutik aldentzen duen mugimendu gogoetatsuari kontrajartzen zaio. Izan ere, gorputzaren pentsamendu bat edo gorputz bat pentsamendu bezala eskaintzen digu, eta ez gorputzaren esperientzia edo gorputza errealitatean. Plazer bat lanak harreman hori laburtzea bilatzen du, gorputza eta objektuaren artean ezagutza, harreman eta ikaskuntza modu bakarra eta zuzena proposatuz. Proiektuak lotura zuzena du jolastokiekin. Egitura aske eta publiko hauek ezinbesteko zerbait dute lan honentzat. Lor daiteke erlazio espontaneoa, esperimentala eta inozoa izatea eskulturarekin? Erakusketa espazio tradizionalak harreman hori gaitzetsi eta piezekiko erabilera moduak murriztu egiten ditu.

Horretarako, proiektua aurkezten den bitartean obra bere erabilerarako irekiko 
da eta publikoak erabakiko du nola erlazionatu piezarekin.

Nora Franco - Lucas de la Rubia

Nora Franco

Iruña, 1991. Nora Francok  dantza eta mugimenduaren  ikerkuntza, eskultura, performancea eta bestelako disziplinekin uztartzen ditu, gorputza materia eta ezagutza bide bezala erabiliz. 2022an Lucas de la Rubia eskultorearekin hasi zen kolaboratzen, eta “Manoir de la Moisse” erresidentzia lortu zuen bere Sit up, Stand Down proiektuarentzat.

Lau urtez Nafarroako Gobernuko Goi Mailako Dantza Eskolan jaso zuen prestakuntza. Ordutik, Madrilen dantza eta ikerkuntza programetan trebatzen jarraitu du, dantzari eta koreografo ezberdinekin: Guy Nader eta María Campos (AN-TRE Program), Pau Arán, Poliana Lima, Lucas Condró eta Stefano Mattiello La Faktoria Zentro Koreografikoan (Iruña). 

2014an Nafarroako Unibertsitatean graduatu zen Publizitate eta Harreman Publikoetan. Bere karreran dantza eta mugimenduarekiko interesa eta formakuntza bere marketing eta komunikazio lanarekin uztartzen ditu. 

Lucas de la Rubia

Madril, 1986. Lucas de la Rubia Madrilen finkatua dagoen artista eta irakaslea da. Gehienetan autodidakta kontsideratzen den arren, gaztetan Manuel March pintore eta eskultorearekin trebatu zen. 

Arkitektura eta Diseinu Industrialeko ikasketekin jarraitu zuen bere garapena, eta Mexikoko Arteen Zentro Nazionaleko grabatu tailerreko diploma bat ere egin zuen. 
2017an artea eta irakaskuntzari ekitea erabaki zuen, bi alderdi hauek bere egunerokotasunean modu naturalean elkarren osagarri izanez. Eskultura da azken urteotan gehien landu eta hausnartu duen praktika.

Eskulturaren esparruarekin guztiz konprometitu aurretik, ilustratzaile profesional, diseinatzaile, serigrafia teknikari eta estudioko musikari gisa ibili zen lanean. Alderdi guzti horiek bat egiten dute bere egungo lanean. Artea magia-trikimailu bezala antzematen du, ikuslearen eta sortzailearen arteko akordio gisa, buruaren eta gorputzaren iraultza bezala.

Kargatzen…