Nik ez dut koadrorik egin nahi; pintatu nahi dut, egiteko modu gisa. Jardunbidearen beraren bidez egitea interesatzen zait, irekiera eta bilaketa kontzienteko leku batetik. Egitea pentsatzea ere bada. Zenbait konturen inguruan pentsatzea, besteak beste: sakoneraren dimentsioa, buruak espazioarekin duen harremana edo misterioa esanezina dena gordetzen duen zerbait gisa ulertzea. Egitea ikertzea ere bada, eta hori, niretzat, lan-metodo bat da. Pintura-lengoaiaren aukerak eta pinturaren beraren ezaugarriak ikertzea. Margotzen ari naizenean, ez naiz amaierako erantzun bat edo irudi zehatz bat sortzea bilatzen ari. Nire interesa adierazkortasunean eta esperientzia estetikoan zentratzen da. Arreta zabalik lan egitea, aldi berean begiratzen ari natzaion gauza horretatik kanpora gertatzen ari denari adi. Etengabe “koadro” bera margotzen egotea bezala, baina zenbait ataletan, zeinak, nahiz eta azkenean modu autonomoan funtzionatzen duten eta pieza amaituak izan daitezkeen, mugimenduan dagoen osotasun baten zati baitira. “Gai” berari buruzko aldakuntzak, lanaren erdigune gisa. Nire jardunbidea zuzenean pintura- lengoaiaren ikerketarekin hertsiki lotuta egoteak margotzea bera gertatu ahal izateko beharrezko diren elementuak ezagutzera eta margotzera narama. Lengoaiaren beraren mugak ezagutzera eta haien aurrean amore ematera ere banarama. Pinturaren mugek pintura bera baldintzatzen dute.
Gabriel Coca
Gabriel Coca Iruña, 1989 Donostian bizi eta lan egiten du egun, han garatzen ari baita bere ikerketa piktorikoa eta egiten ari baita doktoretzatesia, pintura abstraktuari buruzkoa. Masterduna da Pinturan EHUn, Leioan, 2016tik. Graduatua da Artean eta Diseinuan Bartzelonako Escola Massana-n, 2013tik. 2013. eta 2014. urteetan, egoiliarra izan zen Artelekun. Hainbat erakusketa egin ditu, indibidualak zein kolektiboak, Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Bartzelonan, besteak beste..
Copyright © Uharteko Zentroa 2026