Sekula ehizan ibilia ez banaiz ere, batzuetan, grabatzen ari naizen bitartean, nire jarrera ehiztari batek ustez duen jarreraren antzekoa dela uste dut: kameraren bidez behatzen dut, eta hainbesteko arreta jartzen dut, ezen ematen baitu neuregana dakardala eta harrapatzen dudala begiratzen dudana. Nire barnean, berriz, kontrakoa gertatzen da: gauza bati zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta barrurago nago gauza horretan, eta miaketa eta itxaronaldi horretan neu izateari utzi eta ‘ni horren barnean’ naiz.

Orain gauza bat badakit, besteak beste, Mendia maite dudala. Igotzea, korrika jaistea eta zeruari begiratzea, alboetara, paisaiari goialdetik.

Itsasoan ahuspez flotatzea urpeko betaurrekoak jantzita, snorkeleko tutuaz arnasa hartzen.

Mugari behatzea; muga zehatzari eta, beste batzuetan, zeruaren eta itsasoaren arteko muga lausoari. Eta hodeiei.

Mutrikuko etxeko terrazan lan egitea eta, batzuetan, begirada zabaltzea, muga aldakor horretan.

Duela gutxi ulertu nuen itsasoa nortasun independenteko objektu bilakatu ohi dugula, uretako azalera horizontal gisa ulertzen dugula. Niri zaila iruditzen zait itsasoan objektu bakarti gisa pentsatzea. Hari behatuz ulertu dut atmosferarik gabe (eta haitzik, lurrik, faunarik eta florarik gabe) itsasoa ezingo zatekeela izan. Itsasoa elkarrekin etengabe harremanean dauden faktore batzuen multzoa izango balitz bezala ulertzen dut, eragileek eginiko mugimenduen sekuentzia bat bezala, testuinguru bat, etengabe ibilian diharduen egoera bat.

Esfera horretan, ur-molekulek norabide guztietan bidaiatzen dute, egoera posible guztietan. 

Aizpea de Atxa Cancel

 Aizpea de Atxa Cancel (Iruña, 1998). Artean graduatua da EHUn, eta Sorkuntza Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa berezko masterra egiten ari da egun Elias Querejeta Zine Eskolan. Aldi berean, akademiatik kanpo egiten dituen ikastaro eta tailerren bidez osatzen ari da prestakuntza. Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria jaso zuen, 2019an. 

Kargatzen…