Uholdeak 2022 X hau ez da okupatzen…

Uholdeak Uharteko Arte Garaikideko Zentroak bultzatutako programa kuratorial eta erakusketakoa da, eta Innova Programaren laguntza du; hau, Fundación Caja Navarra eta “la Caixa” Fundazioaren programa da.

Uholdeaken hirugarren edizio honetan, hiru esparru teorikotan ardazten den komisariotza ikerketan oinarritzen da programa: iruditeria feministak, espazioa eta gorputza. Parte-hartzaileek egindako lanen aglutinatzaile gisa erabiliko direnak, alegia. Habaler, proiektuan parte hartuko duten adierazpen artistikoek antzeko oinarrietan errotzen diren arren, diziplina-ezaugarriei dagokienez desberdinak dira: eskultura, instalazioa, marrazkia, dantza, zinea, bertsolaritza, literatura, musika…

Jone Rubio

… oroitzapena da, objektu bat, afektu baten atzamarka. Objektu batean kristaldutako esperientzia bat da, izaten jarraitzeko izateari utzi ziona. Espazio bat okupatu ahal dugu, hura bizitu gabe? Espazioa trantsiziogune bezala erabiltzean, zer lotura mota sortzen da haren eta gure gorputzaren artean? Zein da espazio bat bizitzearen oinarria?

Artistak eta obrak

Andrea Ganuza

Iraultza papera edo Kolonbia eta Espainiaren artean 2020tik aurrera egiten ari naizen kartel sorta. Lanaren izenak haren euskarrian oinarritzen da: Latinoamerikan kartelak seriean inprimatzeko erabiltzen den paper arin, merke eta porotsua.  Medellinen hasi nintzen. Manifestazio eta ibilaldi politikoetan, jendetzak babestua edo gauaren babesean, lagunekin kaleak papereztatzera joaten nintzenean. Harrezkero, eta noizean behin, nire lan-mahaia husten dut, nire pintzel txarrenak ateratzen ditut, punk-disko erakargarrienak bilatzen ditut, eta amorruz egiten dut lan paper handi eta merkeetan: emakume ikaragarriak, aho irekiekin, pankarta suharrak dituztenak, ukabilak goian dituztenak, haragiak arropetatik gainezka egiten dienak eta begi-ninietatik ateraz haserreak borbor egiten dienak. Bortizki marrazten dut, arkatzaren punta hautsiz eta lehortu ez diren tintak nahastuz: gorputz desegokiak, erresistentzia-, disidentzia- eta matxinada-lemekin kartelak altxatzen dituztenak. Dantzan dauden marrazkiak, gorputz osoa mugituz, deabruak ateraz, bat amaitu eta beste batekin hasten naiz, pentsatu gabe. Urakanaren ostean, pintura lehortzen den bitartean, ura irakiten jartzen dut eltze batean, eta nire lagun kolonbiarrek erakutsi zidaten moduan ur-ahia prestatzen dut, irina urean ondo disolbatuz eta, pikorrik ez egiteko, bira asko emanez. Orduan, Iruñeko, Bartzelonako, Medellingo nire lagunei deitzen diet, eta batek garagardoak eusten dituen bitartean, besteek brotxak atera eta itsasten dituzte – azkar, ez dezaten inor harrapatu-, eta kalea garrasiz zipriztintzen dugu, hemen gaudela eta ez garela isiltzen gogorarazteko.

Andrea Ganuza (Iruñea, 1988)

Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Ikasketa horiez gain, Arte Ikerketa eta Ekoizpeneko Masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean (UB). Marrazkigintzan eta komikigintzan autobiografiaren mugak aztertzea da bere lanaren ardatza, askapenerako, konkistarako eta ikaskuntzarako tresna gisa. Horrela, bere esperientziak erabiltzen ditu pertsonak zeharkatzen dituzten ardatzak ikusarazteko: arlo soziala, politikoa eta emozionala.Autoedizio editorialean eta fanzinean interesatuta, hainbat argitalpen egin ditu, hala nola Sucumbir (2019, Valientes Ediciones), Todo Se Derrumba (2017, autoeditatua), Barro Desafinado (2016, NauEstruch) edo Puta Mierda (2015, Morboso eta Mohoso). Artista, Morboso eta Mohoso bezalako argitalpen-proiektu batzuen sustatzailea izan da, eta familia batzuetakoa da, hala nola PUMPK Iruñeko autoedizio-jaialdia, JAZAR sorkuntza autogestionatuko laborategia edo NENAZAS kolektibo feminista mutantea. Bere jarduera artistikoa hainbat gune eta egoitza artistikotan ematen dituen tailerren artean ere ehuntzen da. Azken horien artean, artista Taller 7 (Medellín) lantegian izan zen. Tailerrak eman ditu Elisava Eskolako (Bartzelona) Komiki Ilustrazioko Masterraren testuinguruan, MACBAn edo CCCBn (Bartzelona).

 

Ione Atenea

Zer gertatuko litzateke halabeharrez ezezagun batzuen gauzak heredatuko bagenitu? La casa de l´artista Ione Ateneak García anai-arrebekin izandako topaketa gogora ekartzen duen obra instalatiboa da. Hortik sortu zen Los caballos mueren al amanecer filma. “Esperimentu bat egin nahi duzu?” Antonio Garcíak bere gauzen artean honako hau utzi zuen idatzita: «Eseri orri batzuen aurrean, bost guztira, eta idatzi hiru pertsonaiaz osatutako kontakizun bat, originala izango dena, noski». Ionek proposamena onartzen du eta Garcia familiaren etxean bizitzera sartu zenean hiru anaiek utzitako objektuetan haien bizitzek ezkutuan jarraitzen zutela aurkitu zuela kontatzen du filmean. Antonio komikigilea izan zen, eta Rosita, opera-abeslaria eta piano-jolea. Juanito anaiarekin batera, etxea sormen eta fikzio gune bihurtu zuten, honela diktadura frankistaren errealitate grisetik ihes egiteko. Urte batzuk geroago, biztanle berriekin, etxeak bizitza beste era batera izan daitekeen lekua izaten jarraitzen du. Instalazioan obra zinematografikoa deseraikitzen da. Filma egiteko erabilitako materialak erakusketa-espazioan haren sekuentziekin erlazionatzen dira. Etxean aurkitutako objektuak aretoa bisitatzen duenaren eskura jartzen dira, gure iragan hurbila berrikustea proposatuz. Denbora batek eta espazio batek bizia hartzen dute Rosita, Antonio eta Juanitoren soinu-objektu, -irudi eta -dokumentuak berreskuratuz, film luzearen gai bera aurrez aurre dugun bitartean: Zer egin hildakoen ondasunekin?

Ione Ateneak (Iruñea 1985)

Argazkilaritza eta zinema lantzen ditu. Bere lana Zitadelan, Uharteko Arte Garaikide Zentroan, Cámara Oscura-n, Espacio 55-n, BFOTO-n, SCAN PHOTOBOOKS-n, :SKALA-n (Polonia) eta Martaderon (Bolivia) erakutsi da,  besteak beste. ENERO eta Los CABALLOS MUEREN AL AMANECER film luzeak idatzi eta zuzendu ditu.

Aizpea de Atxa

Elkarrizketa 

www.z-hzh.com eta Aizpea de Atxaren arteko irudimenezko hizketaldi batetik ateratako pasarte bat.

Aulkiak

Esku-hartze hau Jone Atenearen lana ikusteko altzarien beharretik sortu da. Horrela, Uholdeak programaren hirugarren edizio honetako parte-hartzaile bakoitzari bere egunerokoan erabiltzen duen eserleku bat uzteko eskatu zaio erakusketara hurbiltzen diren pertsonek erabil dezaten.

Aulkien memoria materiala dut intereseko. Okupatzen duen gorputzaren forma gordez, aldatzen dute haiena. Marruskaduraren eta pisuaren (masa + grabitate-indarra) bidez ekintza bat denbora luzean errepikatzen denean gertatzen da hau.

Leku jakinetan pertsona jakin batek jarduera jakin baterako soilik erabiltzen dituzten eserlekuak daude. Beste batzuk ordea, era aske eta moldakorrean erabiltzen dira.

Artisten eta komisarioaren aulkiak X hau ez da okupatzen… en dauden bitartean:

  • Mailegu-emaileak, fidaturiko eserlekuak sorturiko hutsuneari erantzunez, aldaketak jasango ditu bere ohiko jardunean.
  • Pertsona bat aulki batean esertzean, bere gorputza eta eserlekuaren jabearena harremanetan jarriko dira objektuaren memoria materialari esker.
  • Publikoak berak objektua transformatuko du honen erabileraren bitartez.
  • Jabea jarlekuarekin duen harrema nahi eta nahi ez aldatu eginen da. Esertokia berreskuratzean, erakusketa eta honen bitartean aulkiaren harira moldaturiko jarduerak atxikiko dizkio. Aulkiaren memoria maila materialean aldatzeaz gain, maila afektiboan ere eraldatu eginen da.

Aizpea de Atxa Cancel (Iruña, 1998)

Arte graduduna da UPV/EHUn. Sorkuntza Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa ikasten ari da Elias Querejeta Zine Eskolan (2021-22) eta Zinema_Ilegala-ren XI. edizioaren koordinatzailea da Akane Saraivarekin batera, Bulegoa Z/B-en. 2019an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria jaso zuen INpostuRA izeneko bere proiektuagatik eta No es para mí este sol izan zen bere lehenengo talde-erakusketa (Noaingo Kultur Zentroa, 2021). Bere praktikaren bitartez, gorputzen arteko loturak eta bestearekin harremantzeko modua ulertzen saiatzen da: kezka publikoa, bortizkeria, sedukzioa, erantzukizun afektiboa… Gorputzak egoera zehatzetara ezarriz, hauen barne-hauskortasuna agerian uzten du bere lanean. Bestalde, ehun-teknikak erabiltzen ditu interesekoak dituen irudiengana gerturatu, eraldatu eta narratibotasun ezberdinak sortzeko.

Celia Eslava

Zibak, tabak eta portzelanak. “Jokalekua” lanak adierazpen gisa hartzen du jolasaren esperientzia. Ezagutzarako tresna gisa, komunikatzen garen bide gisa, eta mundu-ikuskerak era mailakatuan bereganatzeko bidea ematen diguna. Era ireki, aske eta positiboan, errealitateaz jabetzen hasten gara pixkanaka-pixkanaka.  Haurtzaroko arrasto horiekin konektatu nahi dut. Momentu horretan hozitzen hasirik, denboraren poderioz, ingurua interpretatzeko eta hari aurre egiteko moduak osatzeko aukera eman ziguten arrastoak. Haurtzaroko jolasen inguruan berriz ere paseaturik, ginena berraurkituko dugu, agian, izaten jarraitzen dugula aurkituko dugu. Edo, haurrek jolasten duten era berean, bizitasun harekin bizitzeari uko egin diogula onartzeko arriskua badago ere. Alabaina, arteak indarberritu eta aberastu egin gaitzakeela ondorioztatzen dut.  Esperientzia artistikoa eta esperientzia ludikoa paralelotzat hartzen dira; berariazko munduan dihardute. Itxuraz, errealitatetik urrun, errealitate beretik sortzen den fikziozko agertoki bat eraikitzen dute. Artistak bere buruari jarraibideak ezartzen dizkio eta ikusleak onartzen ditu, haren jokalekuan sartzeko baimena emango liokeen jokalekuaren modura. Agertoki bat eraikitzen da, zeinetan kontraesanak sortzen diren arauen eta irakurketa irekien artean. Etorkizun ezezaguneko adierazpen artistikoa eta jolasa da, batzuetan irabazi eta bestetan galdu egiten dena.  (Jesus Mari Lazkanok idatzitako testuan oinarritutako laburpena) Aho itxiak. ‘Ahoak’ lanak eraikuntza pertsonalarekin zerikusia duten gaiekin du zerikusia, emakumeek testuinguru zehatzetan duten identitate ereduekin, eta, horrekin batera, desio eta ukazioen uztartzetik sortzen diren gatazkak biltzen dituzte.  Zatikatzea, pieza horien ezaugarri nagusienetakoa, lan artistikora eta prozesura hurbiltzeko pauten ondorioa da: xehetasunean oinarritua eta lerrokatua jardutea, multzoaren aldez aurreko irudirik gabe.  Ahoak, komunikatzeko gaitasunarekin lotuta, gailu sinboliko gisa funtzionatzen du, eta, haren bidez, emakumeen posizioaren etengabeko tentsioa aztertzeko erreminta bihurtzen da. Adierazten denaren eta ez denaren artean, gorputzaren barnea eta kanpoa zehazten duten mugak dira ahoak.  Obra multzoak sortzen duen instalazioak, emakumeen artean ematen den ehuntze kolektiboara garamatza, haien patroi eta izaerei men egiten. Horiek banaka gauzatu arren, belaunaldiz belaunaldi partekatzen baitira.

Celia Eslavak (Iruñea, 1955)

Geografia eta Historia ikasi zuen UNEDen, eta Arte Ederrak Euskal Herriko Unibertsitatean. Zeramikaren arloan espezializatu zen, eta Zeramika: artea eta Funtzioa unibertsitate-masterra egin zuen. Gaur egun, Iruñea eta Bilbo artean bizi eta lan egiten du, eta bertan maiz egin ditu erakusketak, bakarka eta taldeka azken urteotan. Bere lana Guggenheim Bilbao Museoan, Nafarroako Museoan, Palermoko Arte Ederren Akademian, Iruñeko Ziudadelako Bolborategian, Galérie Mayorgan (Suhescun), Galérie Éphemere (Saint Jean de Luz), Prison des Evèquesen (Saint Jean de Pied de Port) edo Montoson (Monteroso) aukeratu eta ikusgai jarri da. Bere lana bilduma pribatu eta publikoetan dago, eta horien artean Euskal Herriko Unibertsitatekoak eta Nafarroako Museokoak nabarmentzen dira. Bere ibilbidean zehar, gorpuztasunari eta naturari buruzko gaiak aztertu ditu, ikuspegi autobiografikotik. Femeninoa izatea, norberaren irudia eraikitzea eta emakume gisa duen esperientzia artisau-tekniken bidez lantzen dituen gai errepikariak dira, hala nola ehuna, zeramika eta berezkoak dituen erritmoak eta materialak.

Mireya Martín Larumbe

Nire lanak, hain intimoa, literaturan aurkitzen ditu beti bere oihartzunak. 2015. urtean Iker Andresek testu bat idatzi zuen nire banakako erakusketa baterako, eta bertan azaltzen zuen nola, artelan multzoa aztertzean, bere buruak Charles Baudelaireren “Korrespondentziak” poemara egiten zuen bidai. “Are gehiago orain, haiek laguntzeko testu bat idazten ari naiz. Nola idatziko dut ezer? Dena dago esana poeman”. Bitxia da ikustea nola, testu hura idatzi eta urte askotara, ni hartatik, azken batean, haren hitzak bat datozela nire lana eta sortzeko moduarekin; alegia, literaturarekin dudan lotura estura egokitzen jarraitzen dute. 

Oraingoan, Valeria Luiselli idazleak Dos calle y una banqueta lanean esandakoak etorri zaizkit burura: “Baina nostalgia ez da beti iraganeko nostalgia. Aldez aurretik, nostalgia eragiten diguten lekuak daude. Aurkitu orduko galdutako lekuak; inoiz baino zoriontsuagoak izango garen lekuak. Bazter horietan, arima borondatezko simulazio batean banatzen da, orainaldia distantziatik begiratzeko. Bere burua atzetik begiratzen duen begi bat bezala, begiak orainalditik begiratu eta haren falta sumatzen du”. Nire ustez, hori da hain zuzen ere, Uholdeaken parte hartzearekin piztu nahi dizuedana. 

Litekeena da nire lanek proiektu honetan lortzen duten zentzua faltan botatzearekin lotura izatea. Hausnartzen hasten naizenean, lanean ari naizenean beti dabilkit buruan. Beti oraina harrapatzen saiatuz, esku artean dudan formalizazio hori gauzatzen den uneaz hitz eginez, inoiz ez dut lortuko hura nire lanetan osorik helarazten. Desira bat, eta era berean ezinezko bat. Agian, hori izango da aldez aurretik sortzen zaidan nostalgia, dagoeneko ezaguna. Horretaz hitz egiten du autoreak Paper minimoak testuan. Luiselliren testu horretatik hartu nituen Pedazos que serán pedaceríaizenburupean bildu ditudan piezekin lotu ditudan hitzak. 

X hau ez da okupatzen… proiektuan parte hartzeari buruz hitz egitea, nire kasuan, nire lanak kontatzen duenari buruz hitz egiteko ezintasunaz hitz egitea da. Hortik dator literaturara jotzeko dudan beharra, beste pertsona batzuk zuriaren gainean beltza jartzeko gai diren horretan nire burua ulertzeko. 

Ni, bizi naiz; eta, bizitze horretan, ikerketara zein marrazkira iritsi naiz. Euskarria aukeratzea, aurrautza-oskolen barrualdea, ez da garrantzirik gabeko aukeraketa. Ezta haien barruan trazatzen ditudan ingeradak ere. 

Nire interesa eta egonezina denborak aurrera egin ahala azaleratzen dira, bizitzak berak dakarren etengabeko aldaketengatik. Gure heriotzarekiko kontzientziak inguratzen gaituen oro blaitzen duen moduan, harengan trinkotzen da. Ostruka arrautzak ezohiko gogortasuna du, baina, bere berezko tentsioa hautsi eta galdu ondoren; hau da, bere berezko eginkizuna bete ondoren, oso hauskorra den hondakin-material bihurtzen da. Bere barnealdean dagoena, iristeke dagoena, amaiera igortzen du. Eta zer garrantzia du ontzi horrek bere eginkizuna bete ondoren? Niri, une batean hondakin izango diren gorputzak, ontziak eta tresnak inporta zaizkidan modu berean inporta dit. Zentzurik gabeko gorputzak izango dira, garai batean bizia izan zuten objektu-multzoak. 

Baina, bizi-latentzia hori, agian ahaztua edo norberaren erosotasunerako baztertua, zatitxoen zati guztietan ematen da, eta orain, nire lanean aurkezten ditudan esne-hortzekin bere intentsitaterik handiena bereganatzen du. Izan gabe, gure parte diren aztarna txikiak. Funtziorik ez duten gorputz zatiak. Ni baten oroitzapen hutsak gara, baina inoiz ez dugu berreskuratuko. 

Solenoide liburuan Mirçea Catarescu-k hurrengoa dio: “Norbait bihurtu baino lehen, ninneu nintzen nire taldea, agian horregatik hitz egiten nuen nire buruaz hurbileko objektu bat izango balitz bezala: berak, esaten zuen. Gero ulertu nien ni ez naizela ni, baizik eta gorputz bat dudala, ni ez naizela ez maizterra, ez preso dagoena”. Beraz, proiektuko lankideei (Aizpea de Atxa eta Jone Rubio) beren esne-hortzak aldi baterako maileguan uzteko eskatzean, beren gorputzen zati bat ez ezik, haien zati erreal eta ukigarria ere eman zidaten. 

Ezin dut saihestu hortz txiki horiek espazio bat okupatu izanaren handitasuna dutela pentsatzea. 

Mugagabetasunaren irudi zehatz eta txikiak. Potentzialtasun hutsa. Agian, artelanaren berezko handinahiaren modura.

 

Mireya Martín Larumbe

Artista plastikoa eta ikus-entzunezko artista. 1980ko abenduan jaio zen Iruñean, eta 2014tik Iruñea eta Paris artean bizi da. Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua, Generoan aditu graduondokoa, Soziologian masterra eta Soziologian MBL Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Testuinguru nazionalean eta nazioartekoan dituen sorkuntza artistikoko proiektu pertsonalak proiektu kolektiboekin uztartzen ditu, baita genero-ikuspegitik egindako ikerketa akademikoko eta arte eta kultura garaikideko bitartekaritzako lanekin ere. Gainera, Marrazketa espezialitateko irakaslea da Bigarren Hezkuntza Publikoan. Alderdi poetikotik egiten du lan, eta marrazketa da diziplina nagusia, bai eta animazio esperimentalera eta instalaziora sartzeko atea ere. Sorkuntza- eta ikerketa-ildoa kultura-testuinguru jakin batzuetan subjektibotasunak eraikitzearekin eta adieraztearekin lotutako gaietan oinarritzen da, betiere beren esperientzia pertsonaletik abiatuta. Literatura, feminismoa edo abangoardiako zinema etengabeko erreferentziak dira bere proiektuetan. Denbora, eraldaketa, edertasuna eta heriotzaren kontzientzia dira bere gai errepikariak. Cité Internationale des Arts (Paris), Casa de Velázquez (Madril), Bilbao Arte Fundazioa (Bilbo), Uharteko Arte Garaikide Zentroa (Uharte) eta beste hainbat erakundetako artista egoiliarra izan da. COVID-19aren krisian, Nafarroako Gobernuak pandemiak Nafarroako artisten kolektiboan duen eraginaren aurkako talka-neurrien plana egiteko kontsultatutako 5 adituetako bat izan zen. 2018an, Nafarroako Gobernuak kontsultatutako aditu-taldeko kide izan zen, Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoan (PECN) genero-ikuspegia aplikatzearen hasierako diagnostikoa egiteko, Kulturaren Nafarroako Kontseiluarekin lankidetzan. Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan irakasle gisa, Skolae IIn hezitzailea izan da.

Fechas y sedes

Agoitz: Kultur etxean 2022ko otsailaren 17tik martxoaren 19ra

Altsasu: Iortia kultur gunean 2022ko martxoaren 24tik apirilaren 28ra.

Tafalla: Centro Cultural Tafalla Kulturgunean 2022ko maiatzaren 5etik, 26ra.

Erakunde laguntzaileak

Laguntzen du