Rushes

Javier Ozcoidi Arricibita

Rushes lana artistaren aurreko sorkuntzen soberakinak eta "hondakinak" lantzeko eta berrikusteko ideiatik abiatzen da. Horrela, Javier Ozcoidik berrerabilitako materialak eta  prozesuetako akatsak ekoizpenaren zati organiko bihurtu ditu. Era hortan, birziklapenetik material berriak lantzean bezain interesgarriak izan daitezkeen perspektibak sor daitezkeela erakusten du. Edo interesgarriagoak agian, objektu horiek esanahi-geruza desberdinak baitituzte erantsita. Proiektuak agerian uzten du akatsaren eta prozesuaren aztarnen balio estetikoa, eta artelan bihurtzen ditu.

 


Javier Ozcoidi Arricibita
Javier Ozcoidi Arricibita (Iruña, Nafarroa, 1999) artista plastikoa da. Bere praktika eskulturaren eta irudiaren artean artikulatzen da, eta bertatik, kultura popak banakako zein taldeko imajinarioak nola eraikitzen dituen aztertzen du.
 
Artean graduatua da eta Arte Ikerketa eta Sorkuntzako Masterra egin du UPV/EHUn. Besteak beste, PEEPA (Matadero Madrid), Innova (“la Caixa” Fundazioa eta Caja Navarra Fundazioa) eta Tabakalerako Artistentzako Tailerra (Donostia) bezalako programetan parte hartu du.
 
Bere lana hainbat sari eta laguntzarekin aintzatetsi da, hala nola Nafarroako Artista Gaztea Saria, Agorart Beka, Nafarroako Gobernuaren Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntzak eta Eusko Jaurlaritzaren Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntzak.
 
Erakusketa indibidual zein kolektibo ugari egin ditu Montehermoso, Rekalde Aretoa, Uharte Zentroa eta Pada Gallery bezalako guneetan, bai eta Harriak edo Haszi bezalako programetan ere.
 
Heréticas kolektiboko kidea da eta, gaur egun, Bilboko Okela arte-gunea kudeatzen duen lan-taldeko kide da, beste lau pertsonarekin batera.