Teresa Sabaté
Martxoa, apirila eta maiatza bitartean, Uharte Zentroak egoitza artistiko bat garatuko du Obanoseko Herri Eskolan Teresa Sabaté artistarekin batera, Territorio Escuela programaren barruan. Haciendo caminos izeneko proposamena Conectando escuelas – Eskolak Konektatzen ikaskuntza-zerbitzuko proiektu intereskolarraren baitan kokatzen da. Proiektu horretan Obanoseko HLHIak parte hartzen du, Nafarroako Erdialdeko eskola ruralekin batera.
2024–2025 ikasturtetik aurrera, Obanoseko Eskola Rurala proiektu kolektibo honetan murgilduta dago; proiektu horrek lurraldeko hezkuntza-zentro ruralak historikoki elkartu dituzten bideen berreskurapenaren bidez konektatzen ditu. Eskola bakoitzak ibilbide horiek hobetzeko hainbat ekintza garatzen ditu, bideak testuinguru eta baliabide gisa erabiliz, lankidetza, ikaskuntza eta komunitate hezitzaileen arteko lotura sustatzen duen hezkuntza-proiektu partekatu bat garatzeko.
Testuinguru honetan, Teresa Sabatek Territorio Escuela egoitza artistikoaren bidez parte hartzen du, bere sormen-prozesua Obanoseko Eskolako ikasleengana eta hezkuntza-komunitatera hurbilduz, eta lurraldera zein ibiltzearen esperientziara hurbiltzeko begirada, hizkuntza eta ikuspegi berriak txertatuz.
Bere praktika artistikoan, Sabatek aspalditik ikertzen ditu ibilbidea, desplazamendua eta lurraldea bezalako kontzeptuak, bai A pies y manos bezalako serie berrietan, bai hirietako mapekin eta trazadurekin lotutako lanetan. Oinez ibiltzetik, keinu errepikatuetatik eta eguneroko ibilbideen erregistrotik abiatuta, artistak esperientzia horiek mihisera eramaten ditu marrazki, marka eta joskeren bidez, mugimenduaren eta espazioaren bizipenaren arrasto gisa funtzionatzen dutenak.
Ibilbidea esperientzia eta erregistro gisa ulertzeko modu honek lotura zuzena du Conectando escuelas – Eskolak Konektatzen proiektuaren espirituarekin, eta dimentsio sentikor eta poetiko bat gehitzen dio bideen berreskurapenari eta hezkuntza-komunitateak garatzen duen lan kolektiboari.
Iruñea, 1955. Margolaritzan aritzen da 1981etik.Bakarkako erakusketak egin ditu Iruñeko hainbat aretotan (Rodezno Kondea, Ziudadelako Bolborategia, Pintzel galeria, etab.), baita Tuteran, Donostian, Toledon, Bartzelonan eta Madrilen ere. Talde-erakustaldi askotan parte hartu du, besteak beste Mapamundistas-en eta Nafarroa Oinez-en. Proiektu berrienen artean, Nafarroako Gobernuaren Landarte 2019 eta Uharte Zentroaren Habitación programetako parte-hartzea daude, Virginia Santosekin eginak biak. Aspalditik, lan artistikoaz gain, haur eta helduentzako pintura eta marrazketa eskolak ematen ditu Iruñean daukan lantegian.
Copyright © Uharteko Zentroa 2026