Afentuak eta ezagutza kokatua. modulua

Afektuak eta praktika artistikoak

Isabel de Naverán

Mintegi honetan, afektuaren, gorputzaren eta idazketaren arteko triangeluaketa landuko dugu. Baruch Spinozak (1632-1677) afekzioen —ingurune hurbilenarekin elkarreraginean aritzean gorputzetan gertatzen diren aldaketa fisiko gisa ulertuta— eta afektuen —aldaketa horien kontzientzia mentalari bide ematen dioten ideiak— artean ezarritako bereizketatik abiatuko gara, jardun artistikoaren eta idazketa kokatukoaren (situated writing) arteko harremanetara hurbiltzeko. Esperimentaziotik, feminismotik, poesiatik edo pentsamendu kritikotik abiatuta, saiakera-sorta bat proposatzen da idazketa somatikoaren kontzeptua inguratzeko; hau da, Historiak gorputzetan uzten duen inskripzioa erakusten duen idazketa horretara gerturatzeko. Inskripzio hori ikasitako, oinordetzan jasotako edo imitatutako keinuen bidez argitzen da, baina baita fisikoki gureganatzen ditugun hautemate-formen (begiratzeko, sentitzeko eta ikusteko moduak) eta kontatzeko, esateko zein hitz egiteko moduen bidez ere. Ildo horretan, mintegiak ikusgai egiteko —hau da, azaleratzeko— gai den materialitate gisa hartzen du hizkuntza, arte-ikerketan interpelatzen gaitu horrekin ditugun harremanak osatzen dituzten geruza desberdinak agerian uzteko helburuarekin. Idazketaz hitz egingo dugu, pentsamendu kokatuko jardun afektibo eta material gisa, gorputza anatomia soil gisa —subjektibotasun indibidual eta transferiezin bat zedarritzen eta barne hartzen duen espazio fisiko gisa— ulertzen duen kontzeptua kolokan jartzen duena.

Usoa Fullaondo

Afektuaren ideiak eta diskurtsoaren aurka duen autonomiak muntaiaren bidez prozesu artistikora hurbiltzeko balio izanen digute. Lengoaiarekin duen harremanaren arabera, irudiari egiten zaizkion hurbilketak osatugabeak direla hartuko da abiapuntutzat, baldin eta hauek nibel
semantikoan edo semiotikoan bakarrik jarduten badute. Probabilitatea, potentzia, ziurgabetasuna, intentsitatea edo gorputza bezalako hitzen inguruan eginen da lan.