URAREN OLDEA - Zinema hedatua “Urak iragana desegin du. Ur geldi bilakatu zuen, goitik ikusten den gainazal. Eta ezkutuan duen guztia, ezkutatze hutsagatik, egia da. “Musika-kontzertu eta zuzeneko proiekzio hau familiako diapositiba batzuk aurkitzean sortu zen; diapositiba horiek uholde batzuk bizi izan zituzten, eta itxuraldatu egin ziren. Urak diapositibekin egin bezala, denborak ere oroitzapenak eraldatzen ditu. Eta, hala, zinema hedatuko pieza honek memoriaz. oroitzapenez, denboraz eta garenez edo dagoeneko ez garenez hitz egin nahi du. Musika ere, ahots-efektu eta loopekin, badoa eta badator denboran, azken batean oraina baino ez dagoela ulertzeko. URA SARTU ZEN BARRURA - Film labur dokumentala Txikia nintzenean, uholde handi bat izan zen auzoan. Guztiok atera ginen bizirik, baina ez, ordea, etxabean gordetzen genituen oroitzapen asko. Aitak zenbait diapositiba salbatu eta garbitu zituen, banan-banan. Hala ere, urak beste esanahi bat eman die. NOR ZARA ZU? - Diska-liburua Nor Zara Zu? musika-albuma 2020ko apirilaren 24an argitaratu zen Interneten, konfinamendu-garaian hitzak eta bideo-deiak baino zerbait gehiago partekatzeko beharraren ondorioz. Zenbait abestiren eta azpigairen bidez, batik bat norbera galtzeaz eta nahi gabe aurkitzeaz hitz egiten du. Ondoren, diska-liburu bat egiteko ideia etorri zen, eta hark, CDaz edo deskargatzeko kodeaz gainera, abestien letrak eta musika osatzen duten beste idatzi eta marrazki batzuk jasotzen zituen.
Peru Galbete
Peru Galbete ikus-entzunezkoaren eta musikaren artean lan egiten duen sortzailea da. Bilboko Cine Kinema Eskolan Argazki Zuzendaritzan formatua (2011), argazki-zuzendari eta kamera-operadore gisa dihardu, musika-sorkuntzarekin batera. Edinburgh Collegeko Music Box-en ikasi ondoren, Peru (2016) diskoa argitaratu zuen. Bolivian sortu zuen Voces de la Selva (2017), eta ondoren Nor zara zu? disko-liburua. Gaur egun, ahotsa eta inprobisazioa ikertzen ditu. Hainbat proiektu eta kolektibotan parte hartu du. Ikus-entzunezkoetan, Ura Sartu Zen Barrura (Punto de Vista 2020) eta Uraren Oldea kontzertu ikus-entzunezkoa nabarmendu dira, Huarte Zentroan garatua.
Copyright © Uharteko Zentroa 2026