Zenbait artista (Filipa Cesar, DarcyLange edo Iratxe Jaio & Klass Gorkum, besteak beste) eta haien obrak erreferentzia gisa hartuta, arteikerketari ekin diot artxibotik abiatuta, irakasle naizen aldetik. Hau izan da Uharte Zentroko egonaldian (2020ko irailaren 1a-2021eko ekainaren 30a) egin dudan arte-proiektua. Egonaldiaren helburua izan da Arteetan Oinarritutako Hezkuntza Ikerketari buruzko ikerketa bat egitea. Hezkuntzari buruzko ikerketa, artetik abiatuta. Zer topaketak eta elkarrizketak ematen dute ikaskuntzari buruzko kontzeptuekin zerikusia duten pintura-lanetarako bide? Eraman gaitzake topaketak, obra eta kontzeptuetatik abiatuta, ezagutza sortzera? Zer ezagutza edo jakintza? Zer harreman eta afekzio sor daitezke? Arte-lanetik zenbait funtsezko ideia eta kontzeptu sortu dira, hala nola mugimendua, ihes-lerroa, natura, gorputza edo gaixotasuna. Mieke Bal-en lana erreferentzia gisa hartuta, erakusketa aukera bat izan daiteke artea bitartekari dituen topaketarako eta elkarrizketarako, kontzeptu horiei lotuta. Interesa daukat norabide horretan garatzen jarraitzeko.
Estibaliz Aberasturi
Lizentziatua Arte Ederretan (1994) eta doktorea Hezkuntza Zientzietan (2009) Euskal Herriko Unibertsitatean. Unibertsitateko irakasle titularra eta ikerlaria naiz Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean (EHU). Nire ikerketa- eta heziketa-ibilbidea irakasleen prestakuntzari, berrikuntza pedagogikoari eta heziketa-testuinguruetako arte bisualei lotuta egon da gehien bat. Gaur egun, ikerketa artistiko bat garatzen ari naiz, irakasle gisa, artxibotik abiatuta. Uharte Zentroan hasitako proiektu artistikoa da hori.
Copyright © Uharteko Zentroa 2026