YAPONI, EL NIDO DE LA LENGUAk Beatriz Bermúdez R.-k eta John Petrizzelli-k duela 10 urte baino gehiago mapoyo herri indigenan bideo eta audio bidez eginiko zenbait grabazio jasotzen ditu. Mapoyoak Venezuelako Guayana eskualdean bizi dira, Orinoco ibaitik hurbil eta haren bi ibaiadarrek mugatuta dagoen eremu batean; mapoyoek eskualdea arbasoen lurraldetzat eta haien bizi-espaziotzat dute. Haren legezko titulartasuna eskuratzea eta indigena gisa aitortuak izatea, nahiz eta hizkuntza galdu duten, herri indigena horren borroka-prozesu luzea izan da. Grabazioetan, nagusiki, borroka horren protagonista diren emakume eta gizonen lekukotza jaso da, eta, haiekin batera, paraleloan, Beatrizek aldaketa- eta iraunkortasun-prozesuaren eta hizkuntza- eta identitate-prozesuaren inguruan egiten duen hausnarketa pertsonala ere jasotzen da.
Beatriz Bermúdez
Antropologoa eta diziplina anitzeko sortzailea da, venezuelarra, eta eskarmentu handia du proiektu artistiko eta kulturalen diseinu eta kudeaketan. Antropologia bisualean eta kulturarteko hezkuntza elebidunean aditua, idazlea, zine- eta bideo-egilea, sustatzailea, ikerlaria eta gidoigilea, erakustaldiak, sariak eta jaialdiak antolatu ditu zine eta bideoaren arloan, baita erakusketak, mintegiak, bideoforoak, hitzaldiak eta tailerrak ere. Herri indigena amerikarrei lotutako aktibista soziala izanik, Herri Indigenen Zine eta Komunikazioko Koordinakunde Latinoamerikarreko kidea izan da (CLACPI), sortu zenetik. Emakume Indigenen Sareko aholkularia eta kolaboratzailea izan da, baita Venezuelako beste erakunde indigenetakoa ere, 1978tik. Egun, hizkuntza mehatxatuak dituzten herri indigena venezuelarretako hizkuntza-biziberritzeari buruzko bideo batzuk editatzen ari da eta herri indigena eta migranteei buruzko haurrentzako argitalpen- eta animazio-bilduma bat koordinatzen ari da.
Copyright © Uharteko Zentroa 2026