2023ko maiatzean zehar, Habitación espazioan, Materialak amatu proiektuaren (Uholdeak 2023) bidez ezagutu eta harreman estua izan dudan hamar emakumeren erretratuetan lan egin dut: Natalia Isla Sarratea, Txaro Fontalba, Marisa Mantxola, Amaia Gracia Azqueta, Beruta (Berta Osés), Zarys Falcon, Oihane Mcguinness Armendáriz, Helena Taberna, Oskia Ugarte eta ni neu, Angela Moreno.
Erretratua nire lanean ohikoa bada ere, oraingoan tamaina handian lan egitea erabaki dut; euskarriaridagokionez, Mujeres mal hechas (1988) izeneko nire lehenengo erakusketatik gordeta neukan paper berdina, denboraren joanaren ageriko arrastoekin; marrazteko, arkatza eta grafitoa, argazkietatik abiatuz. Begiradaren eta ilearen errepresentazioan egiten dut enfasia, elementu dinamizatzaileak direlako. Xehetasun gehiagorekin landuak daude, gutako bakoitzari izaera ematen diote, gure ezberdintasun eta berdintasunak aparte, gure sentsibilitate estetiko eta interes artistikoetatik abiatuta elkartu baikara.
M gara. Hemen gaude, hor, gure aurrean, besteen aurrean. Indartsuak, ahaltsuak, leku bat ausardiaz hartzen. Gorputzak, aurpegiak, interpelatzen gaituzten begiradak. Haiek bertze bat dira. Begiratzen gaituen eta nor garen galdetzen digun bertze gorputz hori. Nire amak honako hau erran ohi zidan: “Alaba, pixka bat apaintzen bazina, takoiak jartzen bazenitu eta daramatzazun ile horiek orrazten bazenitu, askoz hobe egongo zinateke, ederra zarelako”.
Betidanik egin dut ihes girgilerietatik, makilajeetatik, arropa eta oinetako deserosoetatik. Ez zait aurpegia pintatzea gustatzen, ez azazkalak, ezta ilea tintatzea. Ura eta xaboia! Zimurrak, azaleko orbanak edo ile zuriak agertzen joan diren heinean, bizitzako bertze gauzak bezala onartzen joan naiz, nahiz eta ez gustatu. Norbaitek niregan dauden edertasuna eta dotorezia ez baditu ikusten, bere begiradak ez du nire gainazala zeharkatu.
Angela Moreno
Alesbes, 1960. 1986an Arte Ederretan lizentziatu nintzen UPV/ EHUn, grabatuko espezialitatean. 1996. urtetik Uharten, Nafarroan, dagoen Zubiarte grabatu tailerra zuzentzen dut. Lan grafikoaren edizioan eta hedapenean jarduten dut, irakaskuntza eta sorkuntza uztartuz. 2003tik grabatu ez toxikoaren barruan dauden materialak, produktuak eta teknikak erabiltzen ditut. Nire lanean marrazkia, grabatua, pintura eta ehuna nahasten ditut, betiere grafika presente edukiz. Nire ingurune hurbil eta egunerokotik abiatuta, denboraz, memoriaz, isiltasunaz, gabeziaz eta naturaz hitz egiten dut. Nire bakarkako azken erakusketak Artea2 (2019) eta Noaingo Kultur Etxean (2020) erakutsitako Naturaleza tejida hecha de silencio; Apaindu (2022) eta NUPeko Tudela eta el Sario aretoetan (2023) jarritako Cuando los sueños van a los ojos (2022); Lizarrako Karlismoaren Museoko Porque hoy puede ser ayer (2023) eta Nafarroako Museoan erakutsitako Otras liturgias (2023-2024) izan dira. Taldekako erakusketei dagokionez, Uholdeak programako Materialak amatu (2023) izan da berriena.
Copyright © Uharteko Zentroa 2026