Uharte Zentroa eta Oteiza Musearen arteko lankidetzan garatutako progrma, zeinetan, Jorge Oteizaren obra eta pentsamendu estetikoaren inguruko sormen artistikoa bultzatzeko.
Oteiza Museoak eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak atsegin handiz aurkezten dute Gu edo gorputzak zeharkatzea izeneko proiektua. Maite Velaz artistak bereziki garatua da Altzuzako zentrorako, eta proposaturiko obra-multzoak hausnarketa sustatzen du praktika artistikoaren baldintzei eta eskulturagintzari heltzeko moduei buruz. Bi zentroek elkarrekin eginiko Hazitegia programaren seigarren proiektua da.
Proiektu integral moduan ulerturik, Maite Velazek orotara 24 obraz osaturiko multzo bat aurkezten du —eskulturak, instalazioak, ikus-entzunezkoak eta soinu-obrak—. Artelanetara gerturatzeko, itxuraz garrantzirik gabeko material bigunak eta iragankorrak baliatzen dira proposamen espezifiko horretan, keinu txikiei erreparaturik eta eguneroko objektuei beste esanahi bat emanik. Hala, subjektibotasun propio eta hedatu baten emaitza eta hedapen gisa kokatzen da Velazen obra.
Lan askok amaitu gabeko formalitatea ageri dute itxuraz; artistak kontzienteki eginiko adierazpena, presente egon arren erabat sortzen ez den errealitate baterantz jotzeko. Errealitate hori, aitzitik, askotariko islen bitartez sortzen da, esanahien lerraduratik.
Ezintasun hori azpimarratzeak etengabeko tentsio-egoeran jartzen du obra, eta, aldi berean, aldendu egiten du artearen ikuskera kanonikoago batetik; hala, hibridazio etengabean eta beti asegabe ageri den praktika artistiko baterantz hurbiltzen da Bilera, Bilduma eta beste zenbait lanetan ispiluak agertzeak irudi bat osorik proiektatzeko zailtasuna azpimarratzen du, zatiz osatuta baitaude.
Memoriaren pisuak artikulatzen du, neurri handi batean, proiektuaren esparru kontzeptuala, zeina presente baitago materialen arrastoan, baina baita irudien agerpenean ere, batez ere ikus-entzunezko piezetan. Azken horietan, Velazek nolabaiteko negoziazio bat proposatzen du orainarekin (eta bere buruarekin), ulertzen baitu artelanak berak baduela modu propio bat iraganeko arrastoekin lotzeko.
Zeharkatzearen kontzeptuak ere zehazten du proiektuaren garapen kontzeptualaren parte handi bat: materialak, denbora, Jorge Oteizari buruzko erreferentziak edo eskultura bera zeharkatzea, alegia. Elementu horiek guztiak ageri dira behin eta berriz abiapuntu gisa proposamen artistiko honetan, eta prozesutasunera eramaten dute, gainerakoak ezagutzeko eta gainerakoekin erlazionatzeko forma modura jokatzen dute.
Proposamen honek kontzepzio kolektiboan ere sakontzen du, eta Taxio Ardanaz, Nerea de Diego, Idoia Leache eta Daniel Resano artisten partaidetza du. Haiek ere zeharkatuko dute proiektua, erakusketa ikusgai dagoen bitartean gauzaturiko ekintzekin. Programa Hazitegia programaren parte da, Jorge Oteiza Fundazio Museoak eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak elkarlanean garatua, eta haren helburua da Jorge Oteizaren obraren inguruko gogoeta-agertoki berriak eskaintzea, sorkuntza garaikidetik abiaturik. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan 2023ko urrian izaniko egoitza- eta ekoizpen-fase batekin hasi zen, eta prozesu haren emaitza ikusgai dago orain Oteiza Museoan. Proiektuak Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta Caixa Fundazioaren Innova Programaren lankidetza du, baita Eguesibarreko Udalarena ere.
Erakusketa-proposamena osatzeko, argitalpen monografiko bat ere kaleratu da: Maite Velazek berak sorturiko Esa escultura se llamaba cariño (Eskultura hori laztana deitzen zen) testuaz gainera, jasotzen du Peio Aguirrek eginiko idazki kritiko bat ere, Cachitos (Zatitxoak) izenekoa.
Erakunde laguntzaileak
Laguntzen du
Copyright © Uharteko Zentroa 2026