Lantegia
Laia Estruch
Lantegi hau laborategi performatibo gisa pentsatua dago, arte garaikidean ahotsarekin lotutako fenomenoak ikertzeko gune gisa. Lantegi bat da, non norberaren baitan bizi diren ahots ezezagun eta irudimentsuak esploratu eta deskubritu ahal izango diren, ahotsa lehen materia, tresna, gailu eta proposamen artistiko esperimentaletarako espazio gisa ulertuz, ahots performatiboaren aire-baldintzak eta sentimendu-aukerak ikertuz. Saioek hainbat modu aztertuko dituzte ahotsaren gorputz airetsua entrenatzeko, gure gorputz fisikoarekin duen harremanaren bitartez, eta ahotsak zer espazio har ditzakeen esploratuko dugu, hitzen mugetatik haratago soinu-lurralde berriak sortzeko. Gure ahotsak material gisa hartuta, ahozkotasuna eta entzumena modu ezberdin batean landuko ditugu, ohituta gaudenetik urrunduz, haien oihartzunen artean bidaia ezezagunak abiatzeko. Ahotsaren soinuak entzun eta aitortzeko prozesu batean murgilduko gara—gure gorputzaren barruan eta kanpoan, eta baita hitzen gorputzaren baitan ere—paisai berri eta ezagutzen ez ditugun horiek aurkitzeko. Lantegia ikaskuntza eta sorkuntza kolektiborako gune gisa planteatzen da, non ahotsa epairik gabe esploratzen den, topaketarako, askapenerako eta eraldaketarako lurralde gisa. Ahotsaren askatzea eta esperimentazioa ardatz hartuta, soinu-ilusionismoa eta magia landuko dira: soinuak eta presentziak agerraraziz eta desagerraraziz, elkarrekin paisaia koral harrigarri eta partekatua eraikitzeko.
Laia Estruch
Laia Estruch (Bartzelona, 1981) Bartzelonako Unibertsitateko Arte Ederretan lizentziatua da (2010). Bere lizentziaturako azken urtea The Cooper Union Unibertsitatean gauzatu zuen (New York, 2010). Bere praktika artistikoa performancearen eta eskulturaren artean kokatzen da, eta hortik gorputzaren eta ahotsaren lengoaiak ikertzen ditu. Spoken word, abestia, objektuak eta argitalpenak erabiliz, bere proiektuek a cappella ahotsaren emozio-aukerak aztertzen dituzte, soinu-erregistroaren eta ahozko artxiboaren izaera performatiboari buruzko hausnarketa-espazio bat irekiz. Bere lanak, beste lekuen artean, Espainiako Kultur Zentroa Mexikon CCEMx (2020), Bartzelonako Arte Garaikideko Museoa MACBA (2022), Helsinkiko PUBLICS (2022), Hauser & Wirth Menorkan (2023), Paiz Artearen Biurtea XXIII (2023), Kataluniako Arte Museo Nazionala MNAC (2023), ElPatio by Zona Guapo, Kalifornia Beherea Mexiko (2024), Kortrijk-ko Hiru urtekoa, Belgikan (2024), Arte Garaikideko Museo Nazionala Reina Sofía, Madril (2025).
Erakunde laguntzaileak
Antolatzen du
Copyright © Uharteko Zentroa 2026