“Vaca Proiektua” heziketa proiektu bat da, Bitartean Arte y Educación elkartearekin elkarlanean garatua. Bertan, elkarrekin ikasteko eta hezkuntza komunitatearen barnean sareak sortzeko gune bat sortzen dugu. Arte garaikidea hartzen dugu abiapuntu, irakaskuntzako lana garatzeko edo hartan aurrera egiteko balio diguten prozesu batzuk eraikitzeko tresna den heinean. Proiektu esperimentala da arteen didaktikaren esparruan gure komunitatean, curriculuma hedatzeko modua ematen duena, artea prozesu moduan, eduki moduan eta formatu moduan gerturatuta ikasgeletara.

Elkarri estu lotuta dauden bi testuingurutan garatzen da. Alde batetik, Huarte Zentroan bospasei saio egiten dira, irakasleekin eta gonbidatuekin batera, eta haietan alderdi jakin batzuen gaineko prestakuntza hartzen dugu, erreferente artistikoak ematen ditugu, arazoak planteatzen ditugu eta tresna berriak sortzen ditugu, bigarren testuinguruaren, hau da, ikasgelen zati izatera hel daitezkeenak.

Han, irakasleek eta ikasleek beren ikasketa prozesuak bizi dituzte eta beren proiektuak garatzen dituzte, kultura bisualari eta arte garaikideari dagokionez. Bitartean elkarteko hezitzaileak tutoreak dira ikasgelako proiektu bakoitzean, laguntza ematen diete irakasleei behar duten neurrian; hartara, berariazko gai bati buruzko erreferente artistikoak helaraz diezazkiekete, artista jakin bat gonbida dezakete ikasgelako prozesuko une batean parte hartzeko edo jarduera jakin bat diseina dezakete, prozesu hori desblokeatu edo aberasteko.

VACAMURRU VACA Proiektuaren edukiontzia da. Huarte Zentroaren bigarren solairuan dagoen gune fisiko bat da, eta bertan hartzen dira ikasgeletako eta irakasleen prozesuak. Eraikitzen doan gunea da, proiektuak aurrera egiten duen eta gure prozesuak zehazten diren neurrian aldatzen joango dena. Murru bat da, horma bat, non bat egiten duten ikasgelako prozesuek eta VACAko prozesuek. Bertan, proiektuaren lehentasunetako bat gauzatzen da: elkarlana sustatzea, parte-hartzaileen edukiak, denborak eta erabakiak denen artean kudeatuta.