Amaya Gracia, Andrea Ganuza, David Mutiloa, Txuspo Poyo, Xabier Erkizia, Estitxu Arroyo, Fermín Jiménez eta Pedro Miguel Izcueren proiektuak hautatu dira Arte plastiko eta ikusizkoen laguntzak jasotzeko.

Guztira 55 eskaera jaso zituen Uharte Zentroak. Ekoizpen modalitaterako 40 eta argitalpenetarako 15, lehenengorako sei hautatu direlarik, eta bigarrenerako, hiru.

Laguntza programa honen helburua ikerketa, obra artistikoaren ekoizpena, sorkuntza eta Nafarroako artisten hedapena, proiekzioa eta indartzea sustatzea da, ekoizpen eta argitalpen proiektuak sustatuz. Deialdi hau Nafarroako Gobernua eta Uharte Zentroaren arteko elkarlanaren ondorioa da, Arte plastikoen eta ikusizkoen programa diruz laguntzea ahalbidetzen duena.

Proiektuen hautaketa epaimahai ebaluatzaile batek egin zuen, bertan, Susana Irigaray, Nafarroako Kultura, Kirola eta Gazteria Saileko Museo Zerbitzuen Zuzendaria eta Centro de Arte Contemporáneo Huarte fundazioko bokala, Txaro Fontalba Nafarroako arte garaikideari lotutako pertsona eta Centro de Arte Contemporáneo Huarte fundazioko bokala, Ismael Manterola EHUko Arte Ederretako Fakultateko Artearen Historiako irakaslea, Maite Garbayo ikertzaile, idazle eta komisarioa egon ziren, bai eta, Oskia Ugarte, Uharte Zentroko zuzendaria, idazkari gisa, ahotsarekin baina bozik gabe.

Artista onuradunek Uharte Zentroko instalazioak eskura izango dituzte, lanerako espazioa eta bertako baliabide tekniko eta teknologikoak erabiltzeko aukera. Horrez gain, artista hauen lanaren hedapenean ariko da zentroa, proiektuen ibilbide luzeena ahalbidetzeko. Lanak 2018ko abenduan eginik egon beharko dute.

Hautatutako proiektuak

Ekoizpen modalitatea:

Amaya Gracia: De besos y abrazos” proiektuaren bigarren atala. Egilea afektuen intimitatetik ari da, horiek abiapuntu izanik, materialak elkar topatzen dira eta sentimenduetan parte hartzen dute. Ikerketa burdinurtu pieza serie batean gauzatuko da, burdina eta metakrilatozko egituretan eta formatu handiko argazkietan oinarrituko da.

Andrea Ganuza:Ni para coger impulso”. Marrazketa esperimentalean oinarritutako proiektu hau Kolonbiako Medellin hirian lau denboretan zatituta garatuko da. Paisa filosofiarekin harremana duten sorkuntza modu berrietara gerturatze bat, proiektuak lekuko marrazkilariekin elkarlanean lan egiteko modu berri hauek lantzea proposatzen du.

David Mutiloa: Icarus” azkeneko hamarkadetako lan egiteko ekoizpen moduen dinamiken inguruko eraldaketen ikerketa proposamena da. XX. mendean langileek lanak eragindako alienaziotik ihes egiteko egoera soziala lortzeko borrokatu zuten, xede hori ekoizpen kateak bere baitan hartu zuen eta honek etengabeko depresio orokortua ekarri zuen. “Icarus” aldaketa horren genesiaren bila doa.

Txuspo Poyo:Izaro”. Dokumental/entsegu honek Izaro irlaren erretratu zatikatua, historia eta ondarea gaurkotzen ditu. Izaro izena botere praktiketan agertu izan da, teila jaurtiketan festa gisa forma hartzen duen irlaren jabegoaren inguruko aldarrikapen juridikoetan, Izaro Films Presenta zine ekoizpen etxean, Windsor Dorrearen talaian, izen propioetan, Seychelletako banderarekin Indiako ozeanoko uretan arrantzan dabilen punta puntako atunketari bat…

Xabier Erkizia: “Stridor” Soinu-diseinuaren historian mugarri izan beharko lukeen baina zoritxarrez gutxietsia izan den ikerketa kasua du oinarri egitasmo honek: Idi-gurdien hotsa. Nekazal munduari lotutako garrantzirik gabeko kasua eman dezaken arren, mendeetan zehar hainbat kontinentetan entzun izan den hots berezi honek gizadiaren soinu egiteko kulturan ezinbertzeko garrantzia izan du eta hura gabe zaila da gure gaur egungo soinuaren kultura eta honen inguruko praktika artistiko eta kulturalak ulertzea.

Estitxu Arroyo Sánchez: “Cuerpo documento”. Cuerpo-Documento, 2012an abitzen den ikerketa eszeniko bat da, bertan gorputza da lurralde eta praktikaren ardatz nagusia. Diziplina anitzeko artxibo gisa sortzen da. Instalakuntza, koreografia eta performancearen artean dabil, lengoia desberdinetan oinarritzen delarik, besteak, beste, bideoa, argazkigintza eta ikonografia. 

Argitalpenen modalitatea:

Fermín Jiménez Landa: “Es maravilloso estar aquí, pero es maravilloso estar en cualquier parte” argitalpena ikusizko entsegu bat da eta plano berean jarritako eta erabateko harremana duten hainbat lan pertsonalen eta zirriborroen bilketa bat. Zentzu berri bat emateko saiakera bat, obra batzuei esan nahi berria eman eta gutizia handiko lan askoren zeharkako interesen azpimarratzea.

Peio Izcue Basail: “Amor*” proposamen editoriala, irudiz eta testuz osatua dago, entsegu eta artista liburuaren arteko argitalpena. Hiru ataletan banatuta, kultura industriaren eskubideak abiapuntu hartzen ditu. Heriotza zigorrera kondenatutako pertsonen fitxak, bizi-itxaropen grafikoak, anorexia duten modeloak, pornografiak aktoreak malkoz beteriko begiekin… Sexua, heriotza eta bizitza nahasten dira orrialdeetan barrena.