Izenburua
Egoitza itxiera Egulbatin
Egilea
Rachel Labastie eta Nicolás Delprat
Data
2017/10/06
Ordua
20:00

OspakizunBaionako COOP taldeak proposatutako egoitza ibiltarian sarturik dago, xedea, euskal ondare immateriala aztertzea da. Rachel Labastie eta Nicolás Delprat  artistei eman zaie Egulbatiko ondarea ikertzeko mandatua. Egulbati Herri hustua da eta jabea Eguesibarko Udala da.

COOP elkartea 2013an sortu zen, arte garaikidea Ipar Euskal Herrian sustatzeko. Euskal lur emankorra arakatzea ardatz duten forma garaikideak aukeratu, sustatu eta zabaltzea du helburu.

2015az geroztik, COOP elkarteak artean hasi diren artista gazteen nazioarteko egoitza proposatzen du. Egoitza ibiltaria da eta euskal ondare immateriala ikertzea du xede. Proiektuak elkarlanerako ateak ireki dizkio Uharteko Arte Garaikideko Zentroari, lurrarekiko dugun harremana eta lurrak sorkuntza garaikidearekin duen lotura aberasteko.

Ikerketaren lehen zatia uztailean eta abuztuan egin da. Rachelek eta Nicolásek Egulbati, Uharte Zentroa eta Baiona artean lan egin dute.  Horrela, artistek hainbat gauza bildu dituzte, hala nola, herriko zeramika puskak, buztinezko gauzen hondarrak, eta Egulbatiko memoriaren gaineko lekukotasunak inguru hartako hainbat pertsonen eskutik. Halaber, 80ko hamarkadako zeramika tailer eta labe baten zati bat aurkitu dute. Material guzti hori beraien lanak sortzeko erabili dute Baionako Arte Ederren Eskolan eta Uharte Zentroan.

Egoitza ixteko, elkarlanerako ekintza bat ikertzea proposatu dute. Gaueko ospakizun bat izanen da, gehienez 100 lagunentzat, eta horietatik 60 Egulbatin lo egiten geldituko dira urriaren 6tik 7ra. Hilaren 7an, goizez, edonork izanen du aukera herria eta artisten lanak bisitatzeko.

Rachel Lebastiek buztinezko eskulturak sortzea proposatu nahi du, Egulbatiko bertako labe tradizional batean egosiz. Egulbatin bildutako eta inguruko bizilagunek utzitako elementuekin egindako piezak dira. Labea herriaren sarreran dago, lehenengo etxearen ondoan, eta gau osoan egonen da sua piztua eta zaindua. Ospakizuna labearen inguruan eginen da, eta egunsentia heltzean, eskulturak erakutsiko dira; galera, abandonua eta lurraldea nozioekin loturiko lanak, hain zuzen.

Nicolas Delpratek Egulbatiko arkitektura abandonatuaren gainean esku hartuko du, eta eskulturak gaueko iluntasunari esker ikusi ahal izanen dira. Artistak, gauez, ibilbide gidatuak eginen ditu talde txikientzat, proposamen hori erakutsi eta azaltzeko.

Ospakizuna Sagasetan hasiko da urriaren 6ko 20:00etan. Jende guztia elkarrekin joanen da oinez Egulbatiraino, eta denak labearen inguruan bilduko dira.

Ospakizunean parte hartzeko, izen eman beharra dago:

Informazio praktikoa

20:00. Autobus irteera Huarte Zentrotik

20:30 Irteera oinez Sagasetatik (kopetako argia eraman behar da)

Gaua Egulbatin emanen da (lozakua eta esterilla eraman behar dira)

Doako jarduera da, aurrez gonbidapena hartuta.

Barne dago autobusa Uharte Zentrotik joateko, bai eta afaria eta lo egiteko oihalpea ere.