Izenburua
Azaleratu
Egilea
David Bestué
Sarrera
Jorge Oteiza Museoan
Epea
Maiatzaren 13tik urriaren 15ra

Oteiza Museoak Azaleratu erakusketa-proiektua hartuko du, zentro honetarako berariaz egin baitu David Bestué artistak. Eskulturazko esku hartze honek obra multzo bat aurkezten du; horretan, erabilitako materialak eraldatzeko prozesuak ageri zaizkigu formaren eta materiaren arteko tentsioaren bitartekari. Bestueren obrak izaera organiko eta galkorrezko elementuetatik abiatzen dira, eta horiek atalasean jartzen dute eskultura, formaz eta bolumenez finkatua denaren eta, bizia izateagatik, euste borondate orori ihes egiten dionaren artean.

Harria, zura edo burdina erabiltzearen aurrean, erabilera horrek itxuratu baitu XX. mendeko eskultura-proiektuaren parte handi bat, baita Oteiza beraren kasuan ere, besteak beste gatz, lore, ereinotz, harea, azukre edo kez egindako eskultura kontrajartzen digu Bestuek. Material horietako asko, ereinotza edo arrosa kasu, galkor eta iheskorrari daude lotuta maila kulturalean, denboraren joanak zimeltzen duenari. Piezak egiteko prozesuan, Bestuek iragazi eta xehatu egiten ditu elementuak, materia likidoa lortu arte; horri, hurrena, forma ematen dio, moldeak erabiliz, horien barnean isuria atzemanez eta ibilgetuz. Piezek itxura batean oinarrizkoak diren formak hartzen dituzte, hala nola lingote, esfera, pilare edo adreilu eran, nahiz baitan daramaten materialen organikotasun eta bizi-erregistroaren, hots, aurrez ezarritako forma gainditzen duten horien oroitzapena. Material aukeraketak, piezak egiteko erabilitako teknikak bezalaxe, anplifikatu egiten du eskultura batek, hau da, iraunkortasun izaeratik askaturik bere materialen izaera galkorrak determinatutako denborazkotasuna duen eskultura batek, okupatzen duen posizioa.

Proiektua, beraz, jarrera kritikoan kokatzen da modernitateko eskulturaren eta hark noble jotako materialen erabilerari eman garrantziaren aurrean, zeren eta itxura batean hondar diren elementuen hauskortasuna baliatzen duelarik, zikliko eta bizizkoak markatutako testuinguruetara baikaramatza, horiexek dira-eta eskultura-proiektu hau determinatzen duten funtsezko baldintzak. 

Hazitegia programaren bosgarren proiektua da. Programa hori Jorge Oteiza Fundazio Museoa eta Uharte Arte Garaikide Zentroa ari dira garatzen elkarrekin, gaur egungo sorkuntzatik Jorge Oteizaren obraren inguruko gogoeta gune berriak sortzeko xedearekin. Proiektuaren emaitza gisa, David Bestuek ikerkuntza eta produkzio egonaldi bat egin zuen urtarrilean Uharte Zentroan, oraingo proiektu honen prestakuntza-prozesuaren parte gisa, eta hartan Zentroko artista eta erabiltzaile talde batekiko elkarlanean aritu zen. Proiektuak Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta la Caixa Fundazioaren arteko Innova Cultural programaren laguntza du.