2. aretoa.
Huarte Zentrorako sortutako instalazioak. 'Black & White', 'Casbah', 'Oil & Sugar' eta eskulturak.
Artista: Kader Attia.
Komisarioa: Régis Durand.
Datak: uztailaren 4tik irailaren 28ra.
© Kader Attia. 'Casbah'. Egistasmo.
Lau obrek, horietako bi esklusiban Huarte Zentrorako egindakoak, aljeriar jatorriko artista Kader Attiaren erakusketa osatzen dute, "gure iraganeko, oraineko eta etorkizuneko mundua"ren gakoei buruzko lau ekitaldiko opera bailitzan.
Black & White Huarte Zentrorako esklusiban sortua da; bertan, Kader Attiak otoitzean den jende-oldea gogora ekartzen duten zintzilikatutako formei heltzen die berriz (forma horiek dituzte ezaugarri egilearen lehengo zenbait obrek ere). Aurreko instalazioetan Attiak aluminio-papera erabili eta itxuratzen zuen otoitzean ziren emakume-gorputzak bihurtu arte; Black & Whiten, berriz, materiala zakarra da: petrolioa garraiatzeko bidoiak dira.
Hartara, Kader Attiaren lan berriak ikuslea egungo arazoetako korapilo bihurrienera bultzatzen du: energia-baliabideak, erlijioa eta gatazka geopolitikoak nahasten dira bertan.
Casbah ere Huarte Zentroarentzat eginda dago esklusiban, eta edozein tokitan, baita Mendebaldeko gure hiri handietan ere, aurki daitezkeenen antzeko txabola, favela eta bidonville direlakoen teilatu eta terrazen ikuspegi bat erakusten du. Burdinaz eta plastikoz eginda dago, eta kolokako eraikuntza guztien ohiko osagaiak erabiltzen ditu: pneumatikoak, angelu zuzenekin gurutzatzen diren material izurtuak, kontratxapatu zaharrak, antena paraboliko itzelak... Ikusleari gune horietan paseatu eta proiektatzeko gonbitea egiten zaio; izan ere, bizitza eta jendarte oso aberatseko tokiak ere badira. Terrazetatik komunitateko gainontzekoen begiradaren pean maitatu, espiatu, pairatu, partekatu, jaio eta hil egiten da.
Oil & Sugar bideoak gai beraren guztiz bestelako tratamendu plastikoa egiten du, baliabideen xumetasunak emaitzari indar dramatikorik kendu gabe, ezta jokoan sartutako gertaerei ere.
Azkenik, mahai baten gainean jarritako plastikozko poltsa hutsek, edukitako produktuen aztarnaren formari era miragarrian eutsi bide diote. Fintasun handiko pieza honek artistaren tailerraren ondoan izandako eguneroko ikuskizun bat du inspirazio-iturri: premia biziko jaki moduan urgentziazko laguntzak jasotzen dituztenek utzitako zakuak. Gauzen pisuaz hitz egiten digu, baina baita horien hutsaltasunaz ere. Kader Attiak aipatzea gustuko duen Lao Tseuren esaldi bat ere ekartzen du: "Gizakiak gauzak sortzen ditu, baina hutsak ematen die zentzua". Hutsa/osotasuna, memoria/ahanztura, orokorra/zehatza, elkarren termino osagarriak dira antonimoak baino, eta Kader Attiaren lanak horietatik edaten du.
Kader Attia 1970ean jaio zen Dugnyn (Seine-Saint-Denis) eta frantses jatorriko artista aljeriarra da; bere kultura-identitateen aniztasuna aldarrikatzen du: bere haurtzaroko kultura, saihets-auzoetakoa, kultura herrikoia eta ikasketetakoa. 2005ean Marcel Duchamp Sarirako izendatu zuten. Attia bi urte eta erdi bizi izan da Kongo-Kinshasan eta, gainera, hainbat denboraldi eman ditu Venezuelan eta Aljerian; bere obran kultura anitzeko ikuspegia biltzen da eta bertan deus ere ez da xaloa: ez hutsa eta ez erabiltzen dituen materialak ere.
Babeslea:
Laguntzaileak:
Traperos de Emaús (Nafarroa), Montajes Berriozar, S.L, Envases Industriales Felipe Sonseca eta Telesat.
© Kader Attia. 'Oil & Sugar'. 2007. Bideo.
© Kader Attia. 'Oil & Sugar'. 2007. Bideo.
© Kader Attia. 'Oil & Sugar'. 2007. Bideo.
