Uholdeak 2024

bat bitan. Oharrak, zirriborroak, partiturak eta beste hainbat belarrirako idazkerak izenarekin Tafalla, Altsasu, eta Agoitz lekualdatuko duen erakusketaren bosgarren edizioa, Audiolab kolektiboaren parte den Xabier Erkiziak komisariatu du. 

Uholdeak Uharteko Arte Garaikideko Zentroak, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta “La Caixa” Fundazioak bultzatutako Programa Innovaren laguntzarekin garatuko den erakusketa eta kuradoria programa da. Proiektuak, tokiko artisten lana ikusaraztea, Nafarroan artegintzako praktika sustatzea eta Nafarroako lurraldean zehar praktika artistiko garaikideak eskuragarri jartzea du helburu.

Izenburuak adierazten duen bezala, edizio honek idazkera musikalaren edo partituraren idazketea hartzen du abiapuntutzat, praktika hau definizio zabalenean ulertuta, Nafarroako idazkera musikalaren tradizio historikoaren eta idazkera mota horrek beste diziplina artistiko batzuetan izan dituen eraginen zeharkako ikuspegia eskaintzeko.

Beraz, nagusiki, musikara bideratutako idazkera artistikoari eskainitako erakusketa baten aurrean gaude, artxiboko materiala (Erdi Arotik XX. mendera arte), eta artista eta konpositore nafarrek edo Nafarroan bizi direnek ekoitzitako obra berriak biltzen dituena.

Horretarako, partituren partiturak egiteko ariketa honetan, Emilio Arrieta, Hilarión Eslava, José García Leoz, Agustín González Acilu, José Lainez, Joaquín Larregla, Fernando Remacha, Pablo Sarasate, Emiliana Zubeldia eta beste askoren lanak biltzen dira, Ramón Andrés, Elena Asins, Iñigo Astiz, Maddi Barber, Cabezafuego, Mikel Cabrerizo, Yolanda Campos Bergua, Aizpea de Atxa, Asier Gogortza, Carlos Irijalba, Jorge Oteiza eta Elvira Palazuelos Blancoren praktika artistikoetatik eratorritako materialekin batera.

Aldiberean, zuzeneko ekitaldien egitarau batekin osatuko da erakusketa. Bertan, Elisa Arteta, Ibai Gogortza, Uxue Lotero Torres, Pr0t0c0lectiv0 eta Maite Vélaz artista eta taldeek erakusketak osatzen duen partituren bildumaren interpretazio askeak egingo dituzte. 

Bitartekotza-programa, alde batetik, publiko orokorrarentzat da, eta, bestetik, Uharte Zentroko hezkuntza-taldeak dinamika espezifikoak prestatu ditu gizarte-bazterketa, osasun mentala, adimen-desgaitasuna zein Altsasu, Agoitz eta Tafallako ikastetxeekin lan egiteko.

Gainera, material didaktiko bat diseinatu da, ikasleentzat zein guztientzat balio duena. Erakusketan bertan dago erabilgarri eta bertan erabil daiteke, baina baita etxean edo eskoletan ere. Tresna didaktiko honek erakusketaren eduki eta ildo tematikoetara eta erakusketako lanetara hurbiltzeko proposamenak eskaintzen ditu, erabilera ugari ditu eta modu indibidualean edo partekatuan erabil daiteke.

Programa hau Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta “la Caixa” Fundazioaren Innova Programaren, Jorge Oteiza Fundazio Museoaren, Nafarroako Errege Artxibo Nagusia, UNAV-eko Artxibo Orokorraren, Euskarianaren, Eresbilen, Reina Sofía Arte Zentroaren Museo Nazionalaren, Diocesano Artxiboaren, Agoizko Kultur Etxea, Iortia Kultur Etxearen eta Tafallako Kulturgunearen laguntzari esker gauzatu da.