Aizpea de Atxa

Elkarrizketa

www.z-hzh.com eta Aizpea de Atxaren arteko irudimenezko hizketaldi batetik ateratako pasarte bat.

Aulkiak

Esku-hartze hau Jone Atenearen lana ikusteko altzarien beharretik sortu da. Horrela, Uholdeak programaren hirugarren edizio honetako parte-hartzaile bakoitzari bere egunerokoan erabiltzen duen eserleku bat uzteko eskatu zaio erakusketara hurbiltzen diren pertsonek erabil dezaten.

Aulkien memoria materiala dut intereseko. Okupatzen duen gorputzaren forma gordez, aldatzen dute haiena. Marruskaduraren eta pisuaren (masa + grabitate-indarra) bidez ekintza bat denbora luzean errepikatzen denean gertatzen da hau.

Leku jakinetan pertsona jakin batek jarduera jakin baterako soilik erabiltzen dituzten eserlekuak daude. Beste batzuk ordea, era aske eta moldakorrean erabiltzen dira.

Artisten eta komisarioaren aulkiak X hau ez da okupatzen… en dauden bitartean:

  • Mailegu-emaileak, fidaturiko eserlekuak sorturiko hutsuneari erantzunez, aldaketak jasango ditu bere ohiko jardunean.
  • Pertsona bat aulki batean esertzean, bere gorputza eta eserlekuaren jabearena harremanetan jarriko dira objektuaren memoria materialari esker.
  • Publikoak berak objektua transformatuko du honen erabileraren bitartez.
  • Jabea jarlekuarekin duen harrema nahi eta nahi ez aldatu eginen da. Esertokia berreskuratzean, erakusketa eta honen bitartean aulkiaren harira moldaturiko jarduerak atxikiko dizkio. Aulkiaren memoria maila materialean aldatzeaz gain, maila afektiboan ere eraldatu eginen da.

BIOGRAFIA

Aizpea de Atxa Cancel (Iruña, 1998) Arte graduduna da UPV/EHUn. Sorkuntza Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa ikasten ari da Elias Querejeta Zine Eskolan (2021-22) eta Zinema_Ilegala-ren XI. edizioaren koordinatzailea da Akane Saraivarekin batera, Bulegoa Z/B-en.

2019an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria jaso zuen INpostuRA izeneko bere proiektuagatik eta No es para mí este sol izan zen bere lehenengo talde-erakusketa (Noaingo Kultur Zentroa, 2021).

Bere praktikaren bitartez, gorputzen arteko loturak eta bestearekin harremantzeko modua ulertzen saiatzen da: kezka publikoa, bortizkeria, sedukzioa, erantzukizun afektiboa…

Gorputzak egoera zehatzetara ezarriz, hauen barne-hauskortasuna agerian uzten du bere lanean. Bestalde, ehun-teknikak erabiltzen ditu interesekoak dituen irudiengana gerturatu, eraldatu eta narratibotasun ezberdinak sortzeko.