Iruñeko Ziudadelako Arma Aretoak 2025eko maiatzaren 22tik irailaren 14ra bitarte hartuko du 2024ko Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programaren baitan sortutako proiektuen erakusketa.
Erakusketa honek Nafarroako zazpi artista edo artista-talderekin garatutako lanak biltzen ditu: Idoia Leache, Marisa Mantxola Gutierrez eta Mikel Usetxi Sarasa, Ignacio Navas, Javier Ozkoidi, Oskia Paternain Erro eta Iñigo Zubikoa Agerri, eta Iker Serrano. Artista horiek 2024ko deialdiko ekoizpen modalitatean hautatu zituzten, eta urtebeteko sorkuntza-prozesuaren ostean, martxoan amaitu zituzten euren proiektuak. Orain, jendaurrean erakutsiko dituzte Arma Aretoan.
Programa hau Uharte Zentroaren eta Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza da, eta bere helburua da Nafarroako sortzaileei laguntzea euren ibilbide artistikoan, ikerketa, sorkuntza eta zabalkundea sustatuz. Aurtengo edizioan, gainera, Iruñeko Udaleko Kultura, Jaiak, Hezkuntza eta Kirol Arloak ere parte hartu du, eta haren laguntzari esker egingo da erakusketa Ziudadelako Arma Aretoan, proiektuen ikusgarritasuna areagotuz.
Erakusketa garaian, Uharte Zentroko hezkuntza-taldeak lantzen dituen taldeekin bisita gidatuak egingo dira. Aretoa astearteetatik larunbatetara zabalik egongo da 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, berriz, 11:30etik 13:30era. Astelehenetan itxita egongo da.
Aurkezten diren lanek ikuspegi eta adierazpen-forma ugari jorratzen dituzte. Idoia Leacheren Take me on piezak industria-prozesuetatik datozen objektuak, ibilgailuen piezak, aireztapen-hodiak, berriz kokatzen ditu, ikuspegi estetiko berriak eskaintzeko.
Javier Ozkoidiren Rushes lanean, aurreko lanetako hondakin eta akatsetatik abiatzen da artistaren hausnarketa, berrerabilpenaren sormen-indarra eta materialek metatzen dituzten esanahi-geruzak aztertzeko.
Ignacio Navasek, berriz, Klickflip izeneko argazki-bideojoko baten bidez, Tuterako hiri-ingurunea nerabe talde baten begiradatik berreraikitzen du, eskola-porrota eta identitatearen gaineko gogoetak plazaratuz.
Iker Serranoren Latir vegetallanean, artistak zuzenean esku hartzen du paisaia naturalean, giza esku-hartzeak ingurunean nola eragiten duen aztertzeko, landareen hizkuntza hobeto ulertu nahian.
Marisa Mantxola eta Mikel Usetxiren El Atractor. Propaganda luminosa piezak gaur egungo propaganda-moduak zalantzan jartzen ditu eta, manipulaziorik gabeko emozioan oinarrituta, publizitatearen kode bisual klasikoak berrerabiliz, alternatiba bat proposatzen du.
Azkenik, Re(construyendo) memorias, Oskia Paternain eta Iñigo Zubikoaren lana, sinbolismoz betetako josteko makina batean du abiapuntua —karlistaldiekin eta memoria historikoarekin lotua—, eta emakume errepresaliatuen memoria aldarrikatzen duen soinu-instalazio bihurtzen da, askatasunaren eta berdintasunaren aldeko borrokaren testigantza modura.
Erakusketa honetan, halaber, argitalpen modalitatean hautatutako proiektuak ere aurkeztuko dira. Modalitate hau egungo arte-proiektuak eta artistak hedatzeko eta sustatzeko helburua duten formatu editorialetan oinarritzen da. 2024ko deialdian hautatutako lanak honako hauek izan ziren: Gorka Beunzaren Pegasoenea, Paula Eslavaren Una piedra cae en el aliviadero, Katixa Goldarazena Azpirotzen Imagen y hueso tiempo-párpado eta Lara Molinaren Erraiak__arte_kidetzak_afinidades.