Izenburua
Arte Plastikoen eta Ikusizkoen Laguntzen Programa 2025
Egilea
Taxio Ardanaz, Maider Garayo Urabayen, Itsaso Iribarren, Carlos Irijalba,  Fermín Jiménez Landa, Oihane Mcguinness Armendariz, Andrea Muniáin, Maite Redondo Gaztelu eta Jaime Remírez de Ganuza Garrido

Uharte Zentroak 2025eko Arte Plastiko eta Bisualetarako Laguntza Programaren deialdia ebatzi du, arte plastiko eta bisualetako ikerketa artistikoko proiektuak babesteko zuzendutako ekimena. Edizio honetan, Nafarroako artista edo testuinguru lokalean lotura duten bederatzi proiektu hautatu dira. 

Proiektuen artean, ekoizpen modalitatean Maider Garayo Urabayen, Itsaso Iribarren, Carlos Irijalba, Andrea Muniáin, Maite Redondo Gaztelu eta Jaime Remírez de Ganuza Garridoren lanak hautatu dira eta publikazioen modalitatean berriz, Taxio Ardanaz, Oihane Mcguinness Armendariz eta Fermín Jiménez Landarenak.

Programa hau Uharte Zentroaren eta Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentua, Museoen Zerbitzuaren bitartez, emandako hitzarmenaren emaitza da, eta 2025ean bederatzigarren aldiz berrituko da, bi erakundeen arteko lankidetza ahalbidetuz. Helburua Nafarroako testuinguruko artistak ikertzea, sortzea, argitaratzea eta profesionalki sendotzea bultzatzea da, baliabide ekonomikoak, laguntza eta lan espazioak eskainiz.

Deialdiaren baitan, hautatutako proiektuek 85.500 euroko diru-laguntza jaso dute eta 2026ko martxoaren 20a baino lehen amaitu beharko dira. Uharte Zentrok eskura jarriko ditu bere baliabide tekniko eta pertsonalak hauek garatzeko. Behin proiektu guztiak amaitzen direnean eta hauek jendaurrean aurkezteko helburuarekin, erakusketa bat antolatuko da.

Hautaketa ebaluazio batzorde batek egin du, eta honako hauek osatu dute: Celia Martín Larumbe, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museoen Sailburua; Iñaki Martínez Antelo, arte historialaria eta komisarioa; Catalina Lozano Moreno, Euskal Herriko Museo Arte Garaikideko (Artium Museoa) komisario nagusia; Greta Alfaro, artista plastikoa eta Uharte Zentroko Patronatuko kidea; eta Oskia Ugarte, Uharte Zentroko zuzendaria, idazkari gisa, ahotsa izan arren bozkatu gabe.

 

Ekoizpen modalitatean hautatutako proiektuak

En una habitación, un blue jeans – Maider Garayo Urabayen
Hizkuntza bisual, material eta testualak uztartzen dituen proiektua. Irudia eta forma gorputz bihurtzeko ahalegina da, galdera irekien inguruan espazio interkonektatuak sortuz.

Flesh & Films – Itsaso Iribarren
Sexualitatea eta gorputza gaur egungo ikus-entzunezkoen homogeneotasunetik urrunduz irudikatzeko moduak berriz pentsatzen ditu. Praktika artistikotik dimentsio afektibo eta sentsoriala berreskuratzeko proposamena da.

Wanderers – Carlos Irijalba
Eskulturak eta film bat materiaren mugimendu erritmikoa eta magnetikoa ardatz hartuta. Gorputzen dinamika, migrazioak eta sistema hauskorren inguruko gogoeta bisuala da.

sobre la condición mágica de la técnica – Andrea Muniáin
Eskultura-saila, automataren irudikapen historikoa eta digitalizazioa uztartzen dituena. Zientzia, zenbakigintza eta magia elkarlotuz, gaur egungo mundu teknologikoa ulertzeko gakoak esploratzen dira ikuspegi kokatu batetik.

de cerca, de lejos el sol – Maite Redondo Gaztelu
Hego-ekialde Asian duela hamar urte hartutako irudietatik abiatutako ikus-entzunezko entsegua. Irudien jatorria, iraupena eta zilegitasuna, baita sortzeko ekintza bera ere, zalantzan jartzen ditu.

Voces de tierras altas – Jaime Remírez de Ganuza Garrido
Europako landagune hutsenetako baten ahotsak eta istorioak bildu eta dokumentatzen dituen filma. Lurraldea bizitzeko eta ulertzeko modu bakarra jasotzen du, desagertzear dagoen memoria kolektibo baten lekukotza gisa.

 

Argitalpen modalitatean hautatutako proiektuak

irudi bakar bat – Taxio Ardanaz
Espetxe eta gudu-esparruetan (1936–1952) sortutako adierazpen artistikoetan oinarritutako proiektua. Artearen mugei, estetika eta politikaren harremanari eta irudien erresistentzia-ahalmenari buruzko hausnarketa da.

Shakaur – Oihane Mcguinness Armendariz
Familia-artxiboetan eta 1976ko Afganistanerako espedizio batean oinarritutako argitalpena. Dokumentatu baino, gaur egunetik abiatuta testu, irudi eta memorien arteko elkarrizketa piztu nahi du.

Dena distira edo ezer ez – Fermín Jiménez Landa
Artista liburua, azken bost urteetako lanen ibilbide poetiko eta zatitua marrazten duena. Irudiak, artxiboak eta oharrak elkarrizketa irekian eta ez-linealean nahasten dira.