Soñar (con) el Arga

Laida Azkona

Duela 6000 urte, Mesopotamiako zibilizazioak nekazaritza sustatzeko Tigris eta Eufrates ibaiak bideratzeko lan titanikoari ekin zionetik —kanalen, dikeen eta presen bidez—, gure planetako ibaiak bata bestearen atzetik berridatzi eta diseinatu dira gizakiarekin bizikidetza errazteko. Zibilizatu egin dira.

Zeregin zibilizatzaile hori nabarmen areagotu zen gure kontinentean XIX. mendetik aurrera egindako eskala handiko esku-hartzeekin.

Adibide ugari daude: Moldava ibaiaren bideratzea Pragan nabigazioa hobetzeko; Danubioaren kontrola Vienan hiria uholdeetatik babesteko; Sena ibaia eta Haussmann baroiak diseinatutako Paris berria; edo Rhin ibaiarentzat ubide bakarra sortzea hura kontrolatzeko. Kontrolatu, bideratu eta zibilizatu: aditz senideak.

Inpaktuak zuzentzea, arriskuak murriztea, garraioa erraztea, natura menderatzea.

Mende bat lehenago, XVIII. mendearen erdialdean, ibaiak kontrolatzeko eginkizuna Iruñera iritsi zen Ramírez Arellanoren eskutik. Helburua: Iruñea ur zikinetatik askatzea. Hiria askatzeko, ibaia kontrolatzea. Eta horrela, plan hidrologiko baten ondoren bestea etorri zen, eta Argak bere ibilgua aldatzen joan zen, paisaia, lurraldea eta bertako biztanleen bizitza berridatziz. Guztiena. Gizakiena zein ez-gizakiena. Ibaiaren gorputza berriz definituz. Urez, landarez, animaliez, harriez eta memoriak osatutako gorputz bizia.

Gorputz bat berriz definitu?
Gorputz bat bideratu?
Gorputz bat kontrolatu?
Baina nola? Zein parametroen arabera? Zeren kontura? Noren kontura?
Bide batez, irudika dezakezu nolakoa zen Arga 1548. urtean?
Irudika dezakezu haren erribera 1311n?
Ikusten dituzu baso hartako haritzak 755. urtean?
Bai? Orduan, orain, irudika dezakezu nolakoa izango den Arga, Iruñetik igarotzean, 2345. urtean?
Ikusten duzu zubi hori? Bi etorbide horiek lotzen dituena.
Eta bi auzo horien arteko presa hura?
Bai? Bada, lehen han ez zegoen ezer. Ezer ez. Gorputz bat baino ez. Gorputz fluido bat.

Galderak egiten jarraitzen dugu.