> Aurkezpena.
Huarte Arte Garaikideko Zentro berria gizarte- eta erakusketa-jardueretarako espazio interaktibo moduan agertzen da, eta etengabe zabaldu, eraldatu eta berregitura daiteke. Ildo horretan, eraikina ez da arte-edukiontzi soila; izan ere, hainbat kultura-jardueraren euskarri-lana egiten du.
Eraikinaren barnealdeak 6.500 m2 dauzka, eta erakusketa-aretoak ditu. Hiru mailatan daude banatuta, espazio garbiak eta neutroak dira, eta erakusketa bakoitzaren beharren arabera moldatzen dira. Behe-solairua atariaren inguruan harilkatzen da: balio anitzeko aretoarekin, mediatekarekin, kafetegi-jatetxearekin eta goi-solairuetarako sarbidearekin konektatzen du.
Kanpoaldean, berriz, sare metalikoko estaldura batek aire zabaleko jarduerak (proiekzioak, aldi baterako erakusketak, musika-emanaldiak, ospakizunak eta ekitaldi publikoak hartzeko espazio bat mugatzen du). Espazio horren erabilera aldakorra da urtaroa zein den, eta bisitariaren eta natur ingurunearen arteko elkarreragina egoteko modua ematen du.
Huarte Arte Garaikideko Zentroa Franc Fernández de Eduardo, Carles Puig eta Xavier Vancells arkitekto kataluniarren lana da; elkarrekin hainbat proiektu osatu dituzte, hala nola, Bartzelonako Kirol Jauregia Musika Antzoki izateko eraldatu eta itxuraldatzea (Arkitekturako FAD sarien finalista), edo Sant Cugat del Valléseko Udaletxe berria (Bartzelona).
