1. aretoa.
'The New Normal'.
Artista: hainbat artista (askotariko euskarriak).
Komisarioa: Michael Connor.
Erakusketaren ekoizpena: iCI (Independent Curators International), New York, eta Artist Space, New York.
Datak: uztailaren 4tik irailaren 28ra.
© Kota Ezawa. Home Video II. 2007 (video still).
2001eko urriaren 25ean, Estatu Batuetako presidenteorde Dick Cheneyk hitzaldi bat eman zuen Gobernadore Errepublikarren Elkartearen aurrean Estatu Batuetako gobernuak irailaren 11ko erasoei eman beharreko erantzunari buruz, eta ondorengo igarpena adierazi zuen: "halabeharrez hartu behar izan ditugun neurri aunitz amerikar bizitzan iraungo dute. Daukagun egungo munduaz, baita hurrengo hamarkadetan babestu behar garen arriskuez ere, dugun kontzeptua uzten dute agerian. Errutina berria delakoan nago (the new normal)".
Zer esan nahi du egun intimitateak? Hori da The New Normalek aditzera ematen duen galdera, egungo munduan pribatutasunak daukan estatusa islatzen duen erakusketa ibiltaria. Bertan, hainbat eratan erakusten dira pribatutasunaren kontzeptuak irailaren 11ko itzulpuntuaren ondoren izandako aldaketak, ez soilik zaintzak eta segurtasunaren obsesioak hartutako pisu gero eta handiagoa dela eta, baizik eta edozeinen irismenera dauden datuak unibertsalki atzemateko eta zabaltzeko teknologia zabaldu delako ere. Talde-erakusketa hau izango da gure herrialdean eta Europa osoan ikusteko lehenengo aukera New Yorkeko Artists Spacen apirilean aurkeztu zutenez geroztik. Huarte Zentroko erakusketa amaitu ondoren, Estatu Batuetan barrena jarraituko du ibiltari.
The New Normalek 2001az geroztik egindako hamahiru artelan biltzen ditu eta informazio pribatua dute inspirazio-iturri, nola alde materialean hala kontzeptualean. Artelan batzuk espazio pribatuei eta begi arrotzetatik babesteko gaitasunari buruzkoak dira. Beste batzuek, berriz, datu-atzemateari eta -elkartrukeari erreparatzen diote: informazio pribatua erostea, agerian uztea eta erabiltzea. Proposamen batzuetan, legeak betetzea eta legeen boterea aztertzen dira ere, eta intimitatearen eta autonomia pertsonaren arteko lotura ezartzen.
Erakusketako komisario Michael Connor-en hitzetan: "Aitorpenen aroan bizi gara, norbere gogozkoak edo behartuak izan. Hala ere, informazio pribatua agerian uzteari ez zaiola beti beldur izan behar eman nahi da aditzera erakusketa honetan. Gure bizimodua berritxuratu duten aldaketa horientzako erantzuna ere aurki dezakegu. Gure intimitatea eraiki eta beste batzuei lot dezakegu, gure identitate eta irudiarekin esperimentatu eta kritika politikoko taktikak garatu. Informazioa ezagutzera ematea bere arauak eta kode estetikoak dituen jokoa da". Arau eta kode horiek funtsatzen dute The New Normalen egindako ikerketa.
Kontinente desberdinetako 13 artista eta kultura-ikertzaileren bideoek, instalazio birtualek eta paperezko lanek informazio pertsonalaren babes, lagapen eta elkartrukeari buruzko egungo politika-, gizarte- eta kultura-eztabaidak islatzen dituzte. Haien izenak, berriz, ondorengoak: Sophie Calle, Mohamed Camara, Hasan Elahi, Eyebeam R & D/Jonah Peretti & Michael Frumin, Kota Ezawa, Miranda July eta Harrell Fletcher, Guthrie Lonergan, Jill Magid, Jennifer y Kevin McCoy, Trevor Paglen, Corinna Schnitt, Thomson & Craighead eta Sharif Waked.
Argibide gehiago (ingelesez), irudi, lotura eta komisarioaren bloga, hurrengo webgunean: http://the-new-normal.net/
Laguntzailea:
© Miranda July eta Harrell Fletcher. Learning to Love you More. 2005. Color photograph printed from Internet project. 10,2 x 15,2 cm. Argazkia: Genevieve Sage, Seattle, Washington, EE.UU.
© Jill Magid. Holding his Gun from Lincoln Ocean Victor Eddy. 2007. Cromogenic print. 55,6 x 69,5 cm.
