ITZAL LERROA
Istorio-orria, bidaiaria aldi berean gatibu eta alderrai dabilen
ibilaldia izanik, bilaketa bat da berez: une bakoitzean elkarrez
bestelako irudien paradaren distira iragankorraz irabazitako
narrazioaren jarraikortasunarena. Mikel Santos, Martin Altzueta,
Eduardo Paniagua, Laila Muruzabal eta June Cresporen moduko autore
gazteen eskuetan, bilaketaren arrazoia istorioak XX. mendeko kultura
herrikoia hornitu duten bi bideekin bat dator: narrazioaren
gardentasuna eta historiaurreko horma-pinturen azpikontziente optikoari
lotutako denbora-etenaldiaren jatorri mitografikoaren xenda. Bineten
arteko tartea, plantxaren lehenengo marjina, aurreko irudien oihartzun
agortezinaren isuria hartzen duten irudiak biltzen dituen itsaso zuri
baten ertz bilakatzen da.
Biziraupena edo nachleben da Aby Warburg ikonologiaren aitak irudi
guztien jatorri inpurua izendatzeko erabilitako terminoa; izan ere,
haien aitzindarien mamuak bizirik daude bertan.
Beraz, Mc Cay eta Herrimanen, edo hurbilagoko Breccia eta Millerren
moduko figura aitzindarien maisutzak autore horien guztien lana
zipriztintzen du: Mikel Santosen laneko ametsaren pultsazio baskularra,
Martin Altzuetak irudikatutako Poeren joanagurreko malenkoniaren eguzki
beltza, Laila Muruzabalen laneko gauaren zentsurarik gabeko denbora,
June Cresporen binetetako ispiluaz bestaldearen miaketa edo Eduardo
Paniaguaren kolore grisen paletan dagoen konspirazioko Beste Handiaren
gogorapena. Mugimenduz barrubeteak, bineta horiek guztiak, amets arinak
bezala, irakurlea jaun eta morroi, bidaiari eta gatibu izan behar den
denborara ematen dira.




