Epea
2017/07/15
Norentzat
Deialdia testuinguru sozialetan interesa duten artista edo taldeentzat da. Gaztelaniaz edo euskaraz jakin beharra dago.

IDENSITATek / UHARTEKO ARTE GARAIKIDEKO ZENTROAK

Egoitza bat eskaintzen diote artista edo talde bati proiektu bat garatzeko, Uharte, Burlata eta Atarrabiako (Nafarroa) testuinguru soziala abiaburu harturik. Egoitzak hilabetea iraunen du eta 2017ko irailetik urrira eginen da.

SARRERA
Zeharkako Estetikak artearen, hezkuntzaren eta esparru sozialaren arteko esperimentazio-plataforma bat da. Elkargune bat da eta espazio bat eskaini nahi du arte-praktiketarako, ikerketa kritikoa egite aldera; espazio bat ere hezkuntza-ekintzak egiteko, edukiak sortu, elkarreragin eta ikaskuntzak transferitze aldera; eta espazio bat testuingururako, lan gai baten eta haren inguruko espazio sozial aktibo baten arteko lotura egite aldera. Plataforma hori hiri ertainetan egiten da, gizarte-, kultura- eta ingurumen-espazioak sortzen baitituzte, landa eta hiri arloaren arteko mugan. Proiektuak artearen zeharkako dimentsioa du oinarri esperientziak eta ekintzak egituratzeko; alegia, elementu berezietan eragiten duten esperientziak eta ekintzak, oinarri harturik hartan parte hartzen duten eragileen arteko gai komunak eta estrategia partekatuak.
Ekosistema periferikoak da IDENSITATek eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak  proposatu duten ardatz tematikoa ekintza sorta bat antolatzeko, arteak ingurumen arloa landu dezan. Horretarako,  proiektu bat bultzatu beharra dago Uharte, Burlata eta Atarrabia artean, eta betidanik lotura dute hainbat arlotan, hala nola hezkuntzan, kirolean eta herri kulturan. Kultur eta ingurumen ekosistemaren arteko lotura proposatu da gaitzat, posizio periferikoaren balioa handituz. Periferikoa pentsamendurako espazio dibergente gisa ulertuta, arauaz bestelako planteamenduak lantzeko aukera gisa, zentraltasun gisa auto-eraikia dagoen gauzatik urrun, eta era berean, periferikoari darion konnotazio peioratiboaren aurka.

ARTISTA  – LURRALDE NODOA HARREMANA
Zeharkako Estetikak ekimenaren baitan egiten diren lanek bi ardatz dituzte oinarri: artista edo talde baten partaidetza, eta lurralde nodo bat osatzea, eta lurraldeko hainbat eragileren engaiamendua dago. Bi ardatz horiek gurutzatu, batu edo elkarrekin paraleloan bizi daitezke.
Deialdian aurkezten den proposamenak elementu hori hartu beharko du kontuan eta hari buruzko planteamendu bat egin.
Lurralde nodoetatik sortzen diren proiektuak halako elementu batzuk dira, artista edo talde gonbidatuak proposatzen duen proiektuarekin elkarreragiteko, aktibatzeko eta/edo huraxe osatzeko. Lurraldeko eragileak txertatzearen ondotik osatzen dira, eragile horiek prozesu eta ekintza zehatzak egiten baitituzte, eta aldi berean, saio koordinatuen bidez antolatzen dira, bitartekaritzako nahiz hezkuntza-ekintzarako bitartekoei forma emateko.

LAN TESTUINGURUA
Uharte herrian Uharte Zentroa dago. Herria Burlata eta Atarrabia ondoan dago, Iruñearen periferian. Hiru herriak Argaren ibaiertzean daude, eta horrek lotura historikoak eta kulturalak sortu ditu haien artean. Azken urteotan, hiru herrietan aldatu egin dira landa eta hiri arloen arteko mugak, hirigintzaz eta biztanlez handitu direlako, baratzeak ibiltoki bihurtu direlako, eta besteak beste, aisia ohiturak aldatu direlako.
Garatu beharreko proiektuaren interes gunea da inguru horretako kultur eta ingurumen ekosistema aztertzea. Lurralde nodoa feminismoari eta ekologismoari loturiko tokiko gizarte taldeetatik gaitzen da. Aukeratzen den proiektuak testuinguru hori abiaburu harturik garatuko du bere lana.

AURREKARIAK
Zeharkako Estetika hiri ertainei loturiko  proiektuz “borbor” dago, eta aldi berean, hiri horiekin zerikusia duten kultur ekipamenduei ere. 2017an, beste hiru proiektu gauzatzen ari dira  Manresa, Mataró eta Vilanova i la Geltrú hirietan, Bartzelonan, hiruretan ere gai berdina lantzeko, hots, hiriaren eta lan esparruen eraldaketaren artean. Museu Comarcal de Manresa, MAC Mataró Art Contemporani eta Centre d’Art Contemporani La Sala (Vilanova i la Geltrú) erakundeekin elkarlanean egiten ari da.
Zeharkako Estetikak sarean esperimentatzeko plataforma bat da proiektuak gaitzeko, betiere artistak, hezitzaileak eta testuinguru bakoitzean sozialki aktiboak diren beste eragile batzuk engaiaturik. Metodologia berriak lantzeko espazio bat da, hezkuntza-ekintzen eta bitartekaritza-bideen garapena eragiteko, betiere tokiko testuinguruetara egokiturik. Gai berbera landuz, eta gauzak egiteko eta lekuak interpretatzeko modu ezberdinak zehaztuz, ikuspegi poliedriko bat osatu nahi da fenomeno errepikakorrez lurralde ezberdinetan.

NORENTZAT
Deialdia testuinguru sozialetan interesa duten artista edo taldeentzat da. Gaztelaniaz edo euskaraz jakin beharra dago.

ZER ESKAINTZEN DA?
Aukeratzen den proposamenak 1.600 euro jasoko ditu ordainsarietan, 900 euro dieta sarietan, eta horrez gain, ostatua eta 150 euroko bidaia laguntza bat. Proiektuak, gehienez, 1.500 euro izanen ditu eskura ekoizpenerako.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
Proposamenak formatu digitalean igorriko dira, galdetegia erabilita [http://idensitat.net]
Dokumentu bakarra aurkeztu behar da PDF formatuan, honakoa barnebildurik:

– Proposamena/aurreproiektua: proiektuaren oinarrizko lerroak zehazten dituen idazki bat  (3-4 orrialde), aipatu elementuak kontuan hartuko dituen lan metodologia bat adierazita.
– Aurrez egindako lanen eta/edo proposamenarekin zerikusia duten 10 irudi gehienez, proiektua zertan datzan errazago ulertzeko.
– Proiektuan ari diren kideen curriculuma, kide bat zehaztuta, edo banako curriculum bat zehaztuta, pertsona fisikoak badira.
– Harremanetarako datuak (izena, telefonoa, e-posta eta posta-helbidea)

Deialdia 2017ko uztailaren 15era arte egonen da irekia.

BALORAZIO IRIZPIDEAK
Proiektuak Idensitat-en, Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren eta Atarrabiako Udaleko Berdintasun teknikariaren artean aukeratuko dira.

DATAK
Proiektua eginen da, 2017ko irailaren 11tik urriaren 15era bitarte Uharten aurreikusia dagoen egoitzatik abiatuta.

BALDINTZAK
Lan aukeratuak egilearen edo egileen jabetzapekoak izanen dira. IDENSITAT eta UHARTE ZENTROA ZEHARKAKO ESTETIKAK-EKOSISTEMA PERIFERIKOAK ekimenaren bultzatzaileak dira, eta deialdi honetara aurkeztutako proiektuen aukeraketa barnebilduko da. IDENSITATek eta UHARTE ZENTROAK programa osoa edo zati bat erreproduzitzen edo zabaltzen ahalko dute online argitalpenen bidez edo paperezko formatuan, betiere egileak nor diren aipatuta.  IDENSITATek eta UHARTE ZENTROAK artxibatu eginen dute deialdi honetatik sortzen den dokumentazio guztia